Mikel Aristi, maila kontinentaleko Euskadi Fundaziora

Xabier Urtzelai 2012ko ira. 27a, 16:32

Mikel Aristi txirrindulariak beste aurrerapauso bat egingo du datorren denboraldian, Euskadi Fundazioak maila kontinentalean izango duen taldean korrituko duelako. Amateur mailako Debabarrena taldean urtebete egin ostean iritsi zaio beste jauzi bat egiteko ordua, eta Miguel Madariagaren proiektuan izango da.

Euskadi Fundazioak aurkeztu du datorren denboraldirako proiektu berria. Bi talde izango dituzte errepidean, euretako bat maila kontinentalean, eta bestea amateur mailan. Eta hain zuzen, maila kontinentalean egongo diren ziklisten artean dago Mikel Aristi. Hala, Bergarakoarekin batera taldean izango dira Sergio Barbero, Igor Merino, Haritz Orbe, Illart Zuazubiskar, Aritz Bagues, Mikel Bizkarra eta Jon Larrinaga. Hain zuzen, Naturgaseko Jon Larrinaga eta Debabarrenako Mikel Aristi dira taldearen fitxaketa berriak.

Aurrerapausoak emanaz

Mikel Aristi Bergarako Lokatza-Sumofic taldearen harrobiko fruitua da. Azken urteotan ziklismorako dohainak erakutsi ditu; gazte mailan egindako lorpen garrantzitsuenen artean dago Gipuzkoako Txapelketa irabazi izana, generazio on batez osatutako taldeak lagunduta. Talde hartatik Aristirekin batera amateur mailara salto egin zuten Eneko Lizarraldek eta Hodei Orobengoak, eta Jon Riverorekin batera aurten elkarrekin jardun dute, beste helburu batzuengatik borrokan. Amateur moduko maila gogorrean lehen urtea eginda, guztiek erakutsi dute maila ona, baina Aristi nabarmendu egin da, kategoriako oilarren artean mokoka ibili da-eta (Antzuolan, esaterako, bigarren egin zuen). Lehenenago ere hainbat taldek gertutik zaindutako mutila –Espainiako Selekzioko hamarrekoan egon da– hurrengo pausoa bakarrik egingo du, Euskadi Fundazioan.

Maila kontinentala, profesionalismoaren atarian

Jakinekoa da bailaran Markel Irizar (Radioshack) eta Iban Velasco (Euskaltel-Euskadi) ditugula ziklista profesional. Eta maila kontinentala horiena baino bat beheragokoa da. Berez kategoria profesionala da hori ere, baina maila horretako ziklistek ez dituzte besteek moduko kontratu motak; profesionalismora jauzi egin aurreko kategoria dela esan daiteke. Hala, Aristik datorren denboraldian txirrindulari profesionalekin lehiatu aha izango du, Burgosko edota Asturiasko itzulietan moduko lasterketetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak