Abenturaren bila irten daiteke, baina bidea aurrez erabakita

Leire Kortabarria 2012ko eka. 26a, 02:00

Uztailaren 1a ezkero mugaz beste aldera gidatzen dutenek alkoholimetroa eroan beharko dute aldean. Halaxe agindu du Frantziako Gobernuak: han ibiltzen diren gidari guztiek halako neurgailua beharko dute. Ibilgailu mota guztietako gidariei exijituko diete, 50 zentimetro kuboko motozikleten gidariak salbu.

Iparraldeko eta Frantziako farmazia eta supermerkatuetan salduko dituzte behin erabili eta botatzeko alkoholimetroak, euro 1 edo 2ko prezioan. Azarora arte, ohitzeko aukera izango da, eta orduan hasiko dira isunak ipintzen: 11 euro.

Regis Laverne Gendarmeriako komandantearen esanetan, helburua da istripu larri gutxiago gertatzea, izan ere, "norbait hiltzen den istripuen %30ean alkohol-kontsumoa egon da".

Oraingoz, mugaren alde bateko zein besteko gidariak informazio gehiago batzen dabiltza. Izaga irundarra da, Senperen bizi da, eta, berak alkoholimetroa erosi duen arren, Irunen oraindik salgai ez daudela eta, orokorrean, jendea lasai dagoela esaten du. Izagaren ustez, "seguru asko, azaroan, isunak ipintzen hasten direnean, erreakzionatuko du jendeak".

Urak agintzen du

Iparraldean eta Frantzian, mugaren alde honetaz bestelako arau batzuk dituzte, eta gauza bera gertatzen da Europako beste herrialde batzuekin. Errepidean sarri ibiltzen direnek, beraz, adi egon beharra dute. Horietako batzuk autokarabanen zaleak dira.

Alkoholimetroa aldean eroateak ez duela agintarien helburua beteko uste du Euskadiko autokarabanen jabeen elkarte Sorbeltzeko idazkariak, Jabi Saizek: "Edateko ohitura duenak berdin edango du", esaten digu berak. Edozein modutan, oraingo udan mugaz bestaldera bidaiatzen duten autokarabanistek alkoholimetroa eroan beharko dute… eta, segun eta ze herrialdetara joaten diren, txaleko erreflektantea, botikina, argiak 24 orduan isiotuta, ordaindutako autobideetako pegatina edo biñeta, ordezko bonbillak… Saizen esanetan, horiek ez diete buruko min handirik ekartzen: "Horrelako arauren bat sartzen dutenean, Interneteko foroetan-eta, segituan irteten da eta horrela jakiten dugu guk". Gaineratzen duenez, aldez aurretik gehien begiratzen dena animalien gaineko arauak dira, txakurra edo beste konpainia-animaliaren bat eroaten duenarendako.

Sorbeltz elkarteko arduradunak dioenez, beste gauza bat da autokarabanistek gehien hartu beharrekoa kontuan: ur deposituak –ur grisak edo xaboiarekin erabilitakoak; komuneko hondakinak; edateko ura…– non hustu eta non bete. "Horrelako guneak non dauden, horren arabera antolatzen dugu normalean bidaia", esaten du Saizek. Batez ere, kanpalekuetan sartu gura ez dutenek begiratu behar dute hori aldez aurretik.

Iñigo Madina oñatiarra leku askotik ibili da autokarabanarekin: Frantziatik, Suitzatik, Italiatik, Portugaldik eta Austriatik. Berak ez dauka herrialde bakoitzeko arauak aldez aurretik kontsultatzeko ohitura, eta "inoiz arazorik ez" duela izan esaten digu. "Herrialde guztiak autokarabanendako oso ondo prestatuta daude; Portugal zertxobait gutxiago, baina hala ere esperientzia txar bat ere ez dut izan". Hala ere, dena zoriaren esku uztea ere ez da komeni, Madinaren iritziz: "Aldez aurretik erabakitzen dut ze lekutan geratu, batez ere gaua pasatzeko. Horretarako informazio asko dago Interneten. Izan ere, inprobisatzea oso kaotikoa izan daiteke. Horrez gain, gaua pasatzeko orduan, beste autokarabanaren bat bilatzen dut haren ondoan ipintzeko, seguruagoa delako. Joera orokorra hori da".

Sorbeltz elkarteko idazkariak dioenez, autokarabanistek "aurrez, gutxi gorabehera erabakitzen dute ibilbidea. Normalean, goazen lekuan ikustea merezi duten hiru edo lau leku aukeratzen ditugu; gero, aparkalekuak, batez ere hiriguneetan".

Turismo garestia 

Autokarabanan bidaiatzea gero eta gehiagoren aukera da. Sorbeltz elkarteko Jabi Saizen esanetan, orain 350 bazkide dira, Hego Euskal Herrikoak gehienak, eta kanpoko batzuk ere bai. Ez dago datu fidagarririk, baina 2006. urtean 40.000 bat autokarabana zeuden Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta orduz geroztik "autokarabanismoak sekulako goraldia izan du". Horren erakusle, Sorbeltzek bazkide kopurua bikoiztu egin du azken sei urteetan. Saizek estimazio hau egiten du: "Elkarteetan, normalean, multzo bateko %10 eta %15 inguruan daude. Nik esango nuke Euskal Herrian badaudela 3.000 eta 4.000 autokarabana inguru".

Dena dela, autokarabanismoa ez da, askok uste dutenaren kontra, turismo merkea egiteko modua: "Kanpotik begiratuta, beharbada hori ematen du, baina ez da horrela. Badaude galdeketa batzuk eginda, eta ondorioa da erosketa-ahalmen ertain-altuko turismoa dela. Behin autokarabana duzunean, askatasun handia ematen du, bai; baina autokarabana berria erostea, gaur egun, 50.000 eta 100.000 euro artean kostatzen da; gero, mantenua egin behar zaio: asegurua, garajea, biñeta… Gastu finko batzuk ditu urtean, eta 1.500 euro edo gehiago izan daitezke urtean", esaten du Jabi Saizek.

-------------------- 

Ohiko zirkulazio arauek eragiten diete

Ze gidabaimen behar dut? Europa osorako balio duen legearen arabera, 3.500 kg eta zortzi jesarleku baino gutxiagoko edozein ibilgailu arin gidatzeko B1 gidabaimena behar da.

Ze legek eragiten die? Zirkulazioko ohiko arauak bete behar dira. Akanpadaren gaineko legeek eragiten diote, berriz, Zirkulazio Legearen 2. artikuluak hartzen dituen bide publikoetatik kanpo dagoenean eta kanpaleku gisa erabiltzen denean.

Herriko alkateek mugatu edo debekatu dezakete autokarabana aparkatzea? Bai; udal korporazioek herriko zirkulazioa arautu dezakete, zirkulazioa ez oztopatzeko eta aparkatzeko lekuak bidezko moduan banatzeko. Mugak ezar ditzakete, betiere, modu arrazoituan eta argumentu objektiboak erabilita. 

Zelakoak dira autokarabanendako lo egiteko guneak? Funtsean, autokarabanek aparkatzeko lekuak dira. Erabilitako urak (grisak) husteko edo berriz hartzeko, komuneko hondakinak husteko… zerbitzuak izan ditzakete edo ez; eta doakoak edo ordaindutakoak izan daitezke.

Derrigorrezkoa da kanpalekuan lo egitea? Ez; baina noizbehinka hala egiten dute zaleek, batez ere bidaia luzeetan, erosoa delako eta atseden luzeagoa hartzeko.

Zenbat lagun joan daitezke? Gutxienez, lau lagunek; modelo handiagoek zazpi edo zortzi ondo hartzen dituzte.

Inor joan daiteke barruan errepidean goazenean? Bai; betiere, segurtasun gerrikoarekin.

-------------------- 

Mendira edo ondo jatera, eta iaz baino gehiago gastatuta

Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, urtearen lehen erdian, 139,23 euro gastatu zuen biztanle bakoitzak, batez beste; eta, krisiak krisi, iaz baion %25 gehiago da hori. Salmenta kolektiboak egiten dituen LetsBonus enpresaren ikerketa baten emaitzak dira horiek. Enpresa horren esanetan, euskaldunek "gero eta gehiago" jotzen dute talde-erosketara bidaiak erosterakoan. LetsBonusek iazko lehen seihilekoan baino %70 bidaia gehiago saldu ditu aurtengo epe berean Euskadin. Enpresa horren esanetan, EAEko bezeroek "batik bat mendia, abentura bidaiak edo gastronomia bidaiak" aukeratzen dituzte, gehienbat Kantabrian edo Asturiasen, eta gama altuko hoteletan.

-------------------- 

Bidaiatzerakoan, zelakoa zara?

inpultsuzkoa Gizonezkoak –batez ere, 36 eta 45 urte artekoak– inpultsiboagoak dira; emakumeek ondo pentsatzen dute bidaia kontratatu aurretik.

Planifikatzea Emakumeak dira horren zaleagoak; batez ere, 18 eta 25 urte artekoak eta 46 eta 55 urte artekoak.

Abenturazalea Hemen, emakumeak garaile, batez ere 26 eta 45 urte artekoak. Bidaiatzeko leku gogokoena Afrika dute.

Familia giroan Familian bidaiatzea gura izaten dute, gehienbat, emakumeek, eta horien artean, 36 eta 45 urte artekoak. Europako hotel batera joaten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak