Fagor Ederlan Tafalla, Europako erreferentziazko hornitzaile

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 18a, 19:14

Fagor Ederlan Tafallak moldekatze linea berria estreinatu du, 40 milioi euroko inbertsioa eginda, eta automobilgintza sektorearentzako Europako erreferentziazko hornitzaile gisa kokatzea lortu du, motor blokeen eta kulaten produkzioan. Fagor Ederlan Taldearen etorkizuneko apustua da eta kooperatibaren enpresa proiektua sendotzea du helburu; Tafallako enpresa Europako aurreratuenetakoa da gaur egun teknologikoki bere sektorean.

Instalazio berria merkatuko aurreratuenetakoa da. Bere ezaugarri nabarmenenak dira: dituen automatizazio eta malgutasun maila handiak; eta, orduko, ibilgailuentzako 300 motor bloke eta ibilgailu industrialentzako 150 motor bloke fabrikatzeko kadentzia konbinatua izatea.

Moldekatze linea berriak urtean 100.000 tona baino gehiago fabrikatzeko gaitasuna du eta bera bakarrik gai da gaur eguneko linea bien artean lortzen den produkzio bolumena berdintzeko. Instalazio berriari esker, ibilgailuetako produkzio gaitasuna laukoiztu egin da eta ibilgailu industrialetakoa bikoiztu. Horrez gain, teknologia honi esker, Fagor Ederlan Tafallak posible du merkatuan gero eta eskakizun handiagoa duten produktu arinagoak eskaintzea. Enpresak posible du, era berean, kaxaren neurria handituta, ibilgailu industrialentzako motor blokeetan eta kulatetan duen eskaintza gaitasuna handitzea, eta baita produktuak kostu lehiakorragoan fabrikatzea ere.

Azken batean, inbertsio honi esker Fagor Ederlan Tafallak lortu nahi du enpresak denboran irautea, kalitatezko enplegu kooperatiboari eustea eta kalitatezko enplegu kooperatibo berriak sortzea.

Inaugurazio ekitaldia

Gaur, astelehena, inauguratu dituzte instalazio berriak eta ekitaldian izan dira Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Lourdes Goikoetxea, Industria kontseilaria; Jose Mari Aldekoa, Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria; eta Juan Mari Palencia, Mondragoneko Automozio Dibisioko lehendakariordea eta Fagor Ederlan Taldeko gerentea.

Fagor Ederlan Tafalla eta Fagor Ederlan Taldea

Gaur egun, zuzenean 770 langile daude enpresan, horietatik 430 bazkide kooperatibistak dira eta 340 inoren konturako langileak (120k lan-kontratu finkoa dute eta 220 behin behineko langileak dira).

Fagor Ederlan Tafalla S. Coop. Fagor Ederlan Taldeko partaide da eta 40 urte baino gehiagoan liderra da automobilgintza eta industria sektorerako motor blokeen eta kulaten fabrikazioan; kooperatibak onarpen zabala du sektorean, fabrikatzaile gisa. Fagor Ederlan Taldeak 750 milioi euroko salmentekin itxi zuen 2011ko ekitaldia; nazioarte mailako salmentak %80 izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak