Skateparkea baino askoz gehiago

Arritxu Barruso 2012ko eka. 18a, 13:31

Egubakoitz gaua, 23:00ak pasata eta Bergarako Laino skateparka, beste behin ere beteta. Oraingo honetan blues doinuek erakarri zuten jendea. ZZ Blues Band eta Transit Blues taldeen doinuek giro berezi eta ederra ipini zuten egubakoitzean. Argi dago, skatepark bat baino askoz gehiago da Bergarako Laino; ibarreko eta Bergarako kultura eskaintzan zati garrantzitsu bat betetzen du.

Bi urte eta piku dira ateak ireki zituela eta bergarar asko eta askorendako asteburuko ezinbesteko hitzordu bilakatu da skateparketik bueltatxoa. "Denetariko bezeroak ditugu eta hori da gehien gustatzen zaiguna. Neska-mutiko gazteak, gazte helduagoak, txikiteroak... Horrek xarma berezia ematen dio eta oso pozik gaude. Gainera, bezero gehienak oso leialak dira, egun bakoitzean edo ordu bakoitzean badakizu nor topatuko duzun", kontatu digu Hodei Elexpuruk Lainoko Ugazabak.

 

Helburuak beteta
Alex Molanok eta Hodei Elexpuruk argi zeukaten hasiera-hasieratik erreferente izango zen skateparka zabaldu nahi zutela, baina kultura ekintzei protagonismoa emanaz. "Oso pozik gaude lortu dugunarekin. Skatearen alorrean lan ona egin dugu, hainbat txapelketa egin dira eta skater oso onak pasatu dira hemendik. Horrez gain, eta kultura alorrean, lan polita egiten ari garela uste dut, batez ere azken urtean. Juanjo Benitez ari da kontzertuak lotzen laguntzen eta ia astebururo daukagu zerbait".

Denetariko estiloak
Egubakoitzean blues doinuak izan ziren, baina egia da edozein estilotako musika topatu dezakezula Lainon. Horixe da jabeen asmoa, ahalik eta estilo gehien ukitzea: "Hasieran rock kontzertuak ziren gehienak guk gehien ezagutzen genuen mundua hori zelako, baina apurka-apurka zabaltzen joan gara eta uste dut oso erabaki ona izan dela. Denetarik izan dugu, dijeridoo kontzertua, bluesa, rocka, dj-ak... Uste dut jendeari ere gustatzen zaiola nahasketa hori". Eta musikariei ere bai, izan ere Elexpururen hitzetan gero eta gehiago dira Lainon jo nahi duten musika taldeak: "Lehen musika talde bila ibiltzen ginen, baina denetariko taldeak onartzen ditugunez gero eta jende gehiagok deitzen digu eta hori ere oso ona da guretako".  


Dena dela, musika eta kontzertuak ez dira skateparkearen eskaintza bakarrak, antzerki emanaldiak ere egin izan dituzte eta baita erakusketak ere: argazki erakusketak, tatuajeenak... Hilabete honetan, esaterako, Azkaiter Peloxen marrazkien erakusketa dago ikusgai.


Fiachras, Quadrophenicos, Lolas Club, Los Galerna, Mikel Uraken, Bikustik, Klakson... Urritik hona 17 taldetik gora igo dira Laino skateparkeko oholtza gainera eta zerrendak izenak gehitzen jarraituko du aurrerantzean. Argi dago beraz, oholtzak eta arranpalak baino zerbait gehiago bilakatu dela Bergarako skateparka.

 

"Oso profil ezberdinetako bezeroak ditugu baina, gehienak oso leialak ", Hodei Elexpuru, Laino Skateparkeko ugazaba:


Bi urte eta gero ze balorazio egiten duzue?
Balorazio ezin hobea. Oso pozik gaude. Gaur egun bizi dugun egoerarekin bizirik irautea ere ez da gutxi eta gure kasuan nahiko ondo doaz gauzak. Bestetik, jarritako helburuak bete ditugula uste dut, skateparkari dagokionez eta kultura eskaintzari dagokionez ere bai.


Nola deskribatuko zenuke Lainoko bezeroa?
Denetarik dago eta hori da gehien gustatzen zaiguna. Skateparkean ibiltzera datorren jendea dago, baina horiez gain txikiteroak ere etortzen dira, familiak ere bai afari pasada egitera eta kontzertuek ere jende asko erakartzen dute. Oso profil ezberdinetako bezeroak ditugu, baina gehienak oso leialak eta hori ere garrantzitsua da.

Skatepark moduan ere nahiko izen hartu duzue?
Bai. Ezin gara kexatu. Hainbat txapelketa egin ditugu eta skater oso onak pasa dira hemendik. Orain apur bat geldik dago skatearen kontua eta erabaki dugu uztailean eta abuztuan doan izatea skateparka. Udan eguraldi ona dagoenez jende gutxiago etortzen da, beraz, ia doan jarrita jendea etortzera animatzen den.

Bi urte hauetan zein izan da zuretzat egun, gau edo txapelketa bereziena?
Zalantza barik bigarren urteurrena ospatu genuen eguna. Itzela izan zen. Skate txapelketa oso ondo egon zen eta kontzertuak ere bai. Horrelako egunetan harro sentitzen zara, lokala jendez beteta eta horren pozik ikusteak sekulako indarra ematen dizu. Oso egun berezia izan zen hura. 

ARGAZKIAK: WWW.LAINO.INFO

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak