Zerga bilketan, urteko lehen lauhilekoan ia %10eko jaitsiera izan da iazkoarekin alderatuta

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 12a, 16:46

Helena Franco Ogasun diputatuak bilera egin du gaur, martitzena, Gipuzkoako alkateekin eta bertan izan dira ordezkari debagoiendarrak ere; Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Antzuola eta Elgetakoak, horien artean. Zerga bilketaren egungo egoeraren berri eman die diputatuak eta, aditzera eman duenez, urteko lehen lauhilekoan ia %10eko jaitsiera izan da iazkoarekin alderatuta; horrek esan gura du "gastuei eusten eta lehentasunak ondo finkatzen" jarraitu behar dutela. 

Edozein kasutan, Franco diputatuak argi gura utzi izan du oraindik gora beherak egon daitezkeela, "dena ez dagoelako Gipuzkoako lurraldearen esku, ikusi egin behar delako zer gertatzen den Araban eta Bizkaian eta hor daudelako estatuarekiko finantza fluxuak ere".

Zerga sistemaren oinarriak

Goizeko bileran, zerga sistema indartzearen garrantziaz ere mintzatu da, beste behin, Helena Franco, zerga oinarriak finkatzeak hazkunde ekonomikoa "suspertzea" ekarriko duelako. Horren bitartez, lurraldean egin behar diren "ekimen ekonomiko sozialak finantzatu eta, horrekin, efektu biderkatzaileak sortu" ahalko direla adierazi du.

Udal zergen foru araua

Eta hizpide izan du mahai gainean duten udal zergen foru arau proiektua ere. Bi aldaketa nagusi planteatzen dituzte: ohiko bizitokiak ez diren etxebizitzei errekargua ezartzea (onartuz gero, udal bakoitzak izango luke ezarri edo ez erabakitzeko eskumena; eta baiezko kasuan, zenbat) eta urtean milioi bat euroko negozio zifra gainditzen duten enpresei ekonomia jardueren gaineko zerga ezartzea (orain arte 2 milioi euroko zifra gainditzen zutenei soilik aplikatzen zitzaien).

Aldaketa horiekin foru arau berria aurrera ateratzea, Diputazioarentzat ez ezik, udalentzat ere "oso garrantzitsua" izango dela azaldu du, udalentzat bereziki diru iturri gehigarri bat izan daitekeelako.

Udal ordezkariak "eskertuta"

Urretxuko alkate Oihane Zabaletak bileran esku hartu dutenen izenean esan du alkateek "positiboki" baloratzen dutela egungo egoeraren berri aurrez aurre eman izana, "zalantzak argitzeko eta kolore guztietako politikariak batzeko aukera ematen dielako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak