Natxo de Felipe: "Ez gure erabakiz, baina uste dut Oskorri gabe geratuko garela"

Txomin Madina Milikua 2012ko mai. 15a, 12:51

Mediku izateko bidean zegoen bilbotar honen izena Oskorriri lotuta entzun dugu beti; egubakoitzean, The Pub Ibiltariarekin egongo dira Elgetan. Etorkizuna baina, beltza da...

1. Elgetakoa, Oskorriren zenbatgarren kontzertua izango da?

Kontua zeharo galdutako daukagu. 40 urtetan plazatan ibili ostean, 2.000 izango dira akaso, baina ez dugu kontua eroaten.

 

2. 41 urteren ostean, gogo berarekin igotzen da bat agertokira?

Horrela da; lanbide honetan grina edo emozio hori galduz gero, hobe etxean geratzea. Agertokietan jarraitzen badugu da antzina bezala oso ondo pasatzen dugulako; hori da gure zorte onena, lana plazera bihurtzea.

 

3. Hastapen horietako zer botatzen duzu faltan?

Gauzak nahasi samar zeuden, musikarekin batera beste gauza batzuk ere jokoan zeuden. Kantaldietan su handia nabaritu arren, denbora grisak ziren. Ez zegon behar besteko askatasunik eta kontzertuetan-eta sentimenduak adierazteko modua bilatzen zuen jendeak. Gauzak bere onera etorri dira. 

 

4. Musikan lehen urratsak, eliza munduan eman zenituen...

Lehen pausuak etxean eman nituen, musika giro handia zegoen-eta. Lehen pausu profesionalak, lehen eskola, kantuaren bidez izan zen, Bilboko katedraleko kantaria izanda.

 

5. Mediku ikasketak jarraitu izan bazenitu, non egongo zinateke orain?

Ez nintzateke izar bat izango, baina mediku on bat bai. Hura gustuko nuen arren, askoz gustukoagoa dut egiten dudana.

 

6. Zuen kantak lagunartean kantatzen diren bakoitzeko euro bat emango balizute...

Aberatsak ginateke! Gure abestiak, behin plazaratuta, herri kantuak dira eta horrek ez du preziorik. 

 

7. Oskorri soinua entzun ohi dugu sarri. Nola definitu?

Hasi ginenean, euskal kantari gehienak kantautoreak ziren eta gu izan ginen lehenengotakoak munduko folk-rock ildoan sartzen. Euskal instrumentuak modu berrian erabili genituen, hori izan zen gure tinbre-nortasuna. Gure soinua bada partikularra, baina munduan gure tankerako talde asko daude. 

 

8. Rock-and-rolak ez, baina folkak, ematen al du dirurik Euskadin?

Rockeroek zioten moduan, euskarazko ezerk ez du dirua ematen.  Maiatzean izan dugu urteko lehen kontzertua; horrela, esango didazu nola aberastu... Euskal kulturan jendea oso gaizki pasatzen dabil, ez dago kontratatzen duenik. Etorkizun beltza ikusten dut.

 

9. Tunelaren amaiera ikusten da?

Nik neuk, ez dut irteerarik ikusten; Oskorrik argitaratu gabeko hainbat proiektu ditu, eta uste dut horrela geratuko direla. 

 

10. Oskorri gabe geratuko gara?

Uste dut baietz, baina ez gure erabakiz. Ez dugu kexatzeko motiborik, jendeak estimatzen gaitu; baina Oskorri mugitzeak dirua eskatzen du, eta ez dago udalik ordaintzeko prest dagoenik.

 

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Euskaldunak bakoitza bere zeregin artistiko edo kreatiboan jarriko nuke: idazten jaioa dena idazten, pintatzeko balio duena pintatzen, musikariak musika egiten... Horrela hobeto biziko ginateke. Hainbat jende ibiltzen da musika eskoletan-eta, eta gero esfortzu hori ez du ezertarako erabiltzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak