Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatzera deitzen dute

Leire Kortabarria 2012ko mai. 10a, 12:00

Zapatuan, maiatzak 12, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Aurtengo kanpaina eta leloa bidezko merkataritzako kafearen ingurukoak dira: Inor leher eginda utzi gabe kafe on batez gozatu.

Bilbon eta Donostian ekintzak egingo dituzte gobernuz kanpoko hainbat erakundek. Horrez gain, Euskal Herrian dauden bidezko merkataritzako dendak bisitatzera bereziki gonbidatzen dute; tartean, Arrasateko Eroskin dagoen Harreman denda.

Bilboko Areatzan karpa ipiniko dute (11:00-20:00) "jakingura duten pertsona guztientzat, bidezko kafetxo bat hartu nahi dutenentzat" eta "jaia ondo hasteko bidezko mojitoak dastatu nahi dituztenentzat ere".


Bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte, haren printzipioak eta helburuak panelen bidez azalduko dituzte, umeendako tailerrak izango dira, iradokizun-horma, Maiatza Globala ekimenarekin batera kale-agerraldia, Maiatzak 15 mugimenduaren urtebetea ospatzeko, eta txosna.

Donostiako Boulevardean, ekintza hauek egingo dituzte: trikiti emanaldiak (11:00), Kontukantoirekin ipuin-kontaketak (12:00), txapa tailerra (13:00), Kometarekin joko kooperatiboen tailerra (17:00), NjC-rekin musika eta dantza emanaldia (19:00), bidezko merkataritzako otzara zozketatzea (19:30) eta manifestua irakurtzea (20:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak