Eguenean irekiko ditu ateak Goiaz!-ek, Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokak

Txomin Madina Milikua 2012ko api. 18a, 15:28

20 zentro eta erakundetatik gora, 100 titulazio ezberdin inguru, hitzaldiak, bisita gidatuak, arreta pertsonalizatua... Horiek guztiak eta gehiago ekarriko ditu aurten laugarren edizioa izango duen azokak.

 

Formazioa lanerako zure aukera! leloa du eguen eta egubakoitz honetan, Debagoieneko Mankomunitateak, ibarrean lanbide heziketa eskaintzen duten ikastetxeek eta beste erakunde batzuek antolatu duten Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokak. "Bizi dugun garai larri honetan lanbide heziketaren garrantzia azpimarratu gura dugu, pertsona langile eta eta langabeei formazioaren aukerak ezagutzera eman nahi dizkiegu" azaldu du arratsaldean egindako aurkezpenean Kepa Altube Oñatiko Zuazola-Larraña BH institutoko  zuzendariak, eta gaineratu lan merkatuko ikerketen arabera lan merkatuan badirela kualifikazio baxuko pertsona asko eta horientzat lan aukerak handitzea dela helburua.

Antolatzaileen esanetan, Debagoieneko ikasleei, langabetuei eta orokorrean interesa duen orori zuzendutako azoka da, eta aurreko urteetan legez, Arrasateko Kulturateko klaustroan egingo dute. 20 zentro eta erakundetatik gora egongo dira azokan ordezkatuta, eta ibarrean eskaintzen diren ia 100 titulazioei buruzko informazioa emango dute.

Hainbat berrikuntza

Mankomunitateko Amaia Irizarren esanetan, aurten hainbat berrikuntza egongo dira, Esaterako lehenengo aldiz arreta pertsonalizatua jasotzeko aukera egongo da azokan, eta norbaitek zentro konkretu batekin hitzordua egin gura balu, emailez edo telefonoz abisatuta horretarako aukera izango luke. Beste berrikuntzetako bat da klaustroaren erdigunean jartzen dituzten makina eta halakoetara bisita gidatuak egingo dituztela.

Egunen banaketari dagokionez, lehenengoko eguna, eguena, batez ere batxillergoko eta goi zikloetako ikasleei egongo da zuzenduta; bigarrena aldiz, egubakoitza, DBHko ikasleei. Zentro eta erakundeen informazio mahaiez gain hitzaldi, testigantza eta ariketak ere egongo dira bi egunetan zehar. Hainbat gai jorratuko dituzte, esaterako, atzerrian lan egitea edo ekintzailetasuna. Egitarau osoa, hemen.

Profesionaltasun ziurtagiriak

Azokaren aurkezpenaren ostean, lehenengo hitzaldia jarraitu ahal izan dute ekitaldira gerturatu direnek. Bertan Gloria Gonzalez Marco Lanbideko teknikariak profesionaltasun ziurtagiriak zer diren eta noiz eta nola lortu behar diren azaldu du. Enpresa eta formazioari buruzko hitzaldia ere egon da, Aretxabaletako Lanbide Eskolako eta Miguel Altuna Institutuko ordezkarien eskutik. Egubakoitzean ere eskainiko dituzte hitzaldi hauek, 10:00etan hasita.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak