Atez atekoarekin Bilduren aurka eginez, "beste urrats bat" emateko eskatu diote sozialistek EAJri

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mar. 2a, 20:00

Debagoieneko PSE-EE "poztu" egin da, jeltzaleek aurre egin dielako "Bilduren delirioei", atez atekoa eskualdeko herri handienetan ezarri nahi duelako, baina eskatu dio EAJri "beste urrats" bat emateko. Atez atekoaren kontrako "oposizio aktiboa" eskatu diote jeltzaleei ibarreko PSE-EEkoek.

Horretaz gain, Foru aurrekontuak onartzeko, EAJk Bilduri eman zion "oxigenoa" kentzea eskatu diote sozialistek jeltzaleei. Izan ere, EAJk Bilduren Foru aurrekontuak babestearekin, hiri hondakinen kudeaketaren gaineko azken erabakia hartzeko sei hilabeteko epea eman die-eta EAJkoek Bildukoei. "EAJk Bilduri babesa eman izan ez balio, gaur egun Bilduko alkateak ez lirateke ausartu ere egingo atez atekoa ezartzeko urratsak ematen" diote PSE-EEkoek.

Horregatik eskatu diote EAJri, "oposizio guztia eskutik" joan dadila. Baina, era berean, ohartarazi nahi izan dute sozialistak ez direla "abenturatan sartuko" herri galdeketak eskatuz, "EAJk egin duen moduan".

EAJren erantzukizuna

"EAJk badu erantzukizunik, ardurarik, Bilduri babesa eman izanagatik eta, orain, herritarren arreta berenganatu nahian dabil, herri galdeketak proposatuz" diote.

"Hiritarrek esan digute ez dutela nahi atez atekorik", diote, sistema "garestia, zikina eta deserosoa" delako; gainera, hiri hondakinak batzeko sistema honek, hiritarren "kontrol sozial tolera ezinezkoa" dakarrela diote.

Ahal duten udal guztietan atez atekoaren aurka eta bosgarren edukiontzi marroiaren alde egingo dutela diote Debagoieneko sozialistek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak