Atez atekoaren onurak nabarmenduz, esku-orriak etxerik etxe

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko aza. 30a, 23:48

Arrasate eta Oñati Zero Zabor taldeek esku-orriak banatu dituzte etxerik etxe, Debagoienean, atez atekoaren dohainak nabarmenduz. Esku-orri horiek, PSE-EEk orain dela aste batzuk, bailarako etxeetan, zaborren kudeaketaren eta atez atekoaren inguruan banatu zituen esku-orriei erantzuteko banatu dituzte. "Zaborraren kudeaketa hika-mika alderdikoietatik aldenduz informazio garbia jaso eta hausnartzera animatzen zaituztegu, gaiak eskatzen duen seriotasun eta sakontasunarekin" diote Zero Zaborrekoek.

"Hau ez da inongo alderdi politikoren aldeko borroka, hau ingurumenaren eta gure osasunaren aldeko borroka da" diote. Eta esaten dutenaren berme moduan jartzen dituzte atez atekoaren alde eta erraustegiaren aurka Gipuzkoan dauden eragileak: ELA, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, HIRU, ESK, Errausketaren Aurkako Koordinakundea, Eguzki,  Ekologistak Martxan, Greenpeace, Ezker Abertzalea, Aralar, Ezker Batua, Alternatiba eta Berdeak.

"Sistemarik onena"

Esku-orriaren azalean zera irakur daiteke: "Atez atekoa Debagoienarentzat eta planetarentzat aurrerapausoa".

Eta atez atekoa zergatik den "sistemarik onena" azaltzen dute Zero Zaborrekoek, eta sei arrazoi ematen dituzte. Honako hauek:

  • "Hondakinen %90a birziklatzen delako".
  • "Erraustegia ekiditen delako".
  • "Osasuna eta ingurumena gehien errespetatzen dituen sistema delako".
  • "Materia organiko guztia batzen duen sistema bakarra delako".
  • "Lanpostu berriak sortzen dituelako".
  • "Sistemarik merkeena delako (birziklatzeagatik jasotako diru sarrerek eta errausketan dirurik ez gastatzeak sistemarik merkeena bihurtzen dute)".

Aldeko testigantzak

Bestalde, atez atekoa ezarri den herrietako bizilagunen testigantzak ere jasotzen ditu esku-orriak; sistema horren alde daudenenak, hain justu ere. Antzuola, Usurbil eta Hernaniko jendea ageri da, Julen Madina hernaniarra, esaterako.

Sozialistek esandakoak

PSOEko hainbat buruzagiren berbak ere jasotzen ditu, hemerotekatik jasotakoak. Esaterako, Balear irletako, Kanarietako edota Andaluziako sozialisten hitzak eta baita Odon Elortzak, Donostiako alkate zela, errauskailuaren aurka 2005ean esan zituenak.


Errauskailua "eragotzi"

Bukatzeko, errauskailua aztertzen du osasunaren, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntutik eta amaitzen du esanez irtenbidea ez dela errauskailua, baizik eta birziklatzea. Diote, "atez atekoarekin, birziklatze maila altuena lortuz, erraustegia eragotziko litzatekeela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak