Atez atekoaren kontrako mozioak aurkeztu ditu PSE-EEk Udaletan

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko aza. 7a, 15:08

"Garestia, osasunerako kaltegarria, deserosoa, onartezinezko gizarte kontrola duena eta ostalaritzarendako oso kaltegarria" dela uste dute.

Alderdi sozialistak ez du zaborra batzeko atez ateko sistemarik nahi Debagoienean, eta halaxe jakinarazi dute Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEko Ingurumen arduradunak eta Aritz Arrieta Arrasateko Udaleko zinegotziak Donostian egin duten prentsaurrekoan.

Itxasok salatu egin du Bilduk 2013rako atez atekoa Debagoien osora zabaldu nahi izatea eta esan du ordezkaritza duten lekuetan saiatuko direla hori horrela izan ez dadin. Era berean, bosgarren edukiontziaren alde egingo dutela ere azpimarratu du.

Mozioak aurkeztu dituzte Udaletan

"Mozioekin egingo diogu aurre atez atekoari; izan ere, ia 80.000 debagoiendarri eragingo dien sisteman hori garestia, osasunerako kaltegarria, deserosoa, onartezinezko gizarte kontrola duena eta ostalaritzarendako oso kaltegarria da", gehitu du Itxasok.

Itxasok bezala, Arrasateko zinegotzi Arrietak uste atez atekoa ezartzea "notizia txarra" dela eta aurreratu dute gaur goizean bertan mozioak aurkeztu dituztela Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Antzuolan.

Lau eskariko mozioa

Mozioak lau puntu jasotzen ditu: batetik, eskatzen diote Udalari atez atekoa baztertzea "osasungarritasunean, erosotasunean eta zaborra batzeko sistemaren efizientzia ekonomian atzera pausua delako".

Bestetik, "itxitako eta kalean modu ordenatuan jarritako edukiontzien alde" egin dezala ere eskatzen diote, "hondakin birziklagarriak zein konpostagarriak jasotzeko modu hobea" delako.

Hirugarren puntuan eskatzen diote plangintza bat egitea hondakin organiko biodegradagarrien ekoizle handiak erakartzeko: "Zirkuitu berri horretara konposta daitekeen ahalik eta zabor gehien gehitzeko helburuarekin, modu horretan  erraustea saihestuz".

Laugarren eskaria da egin dezala azterketa sakona txartel bidezko edukiontzi itxiak jarri eta gehien birziklatzen duten herritarrak saritzeko.  

Bukatzeko esan dute birziklatzearen aldeko apustua egiten dutela, "baina ez behartu egiten duten neurriekin". Era berean, ohartarazi dute Debagoienean ere onar daitezkeela Usurbilen eta Hernanin onartukotako moduko ordenantzak, "non planteatzen diren zigorrak atez atekoarekin kolaboratzen ez duten bizilagunak salatzen ez dituzten auzokideendako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak