"Goikoen kontra hazi egiten gara, behekoen kontra ito"

Xabier Urtzelai 2011ko mar. 3a, 17:13

Kategoriari larritasun barik eusteko aurrean zituen bost final horietako batean, joan den astean, kale egin zuen Soraluce BKEk. Pronostikoen barruan, Basauri moduko talde baten kontra etxean galtzea ez zuen inork aurreikusten, aurrerago etorriko direlako kontrario gogorragoak, kale egiteko benetako motiboak.

Hala, mahoneroek, porrotei dagokionez kartutxo guztiak erre dituzte: "Gure asmoa zen kartutxo hori aurrerago erretzea, baina orain badakigu zer daukagun, irabazi ala irabazi", adierazi digu aste barruan Josetxo Muniategik.   

Azkena, Labegaraietan
Zapatuko kontrario Urolaren kontra (18_15, Labegaraieta) partidu ona egin beharko dute Bergarakoek: "Gure jokora itzultzearekin nahikoa izango da, eurak baino hobeak garelako. Kontua da, baina, goian dabiltzan taldeen kontra hazi egiten garela, baina atzeko postuetan daudenak etortzen direnean ito egiten garela". Hori da, hain zuzen, joan den astean gertatu zitzaiena: "Urduri, antsietate handiaz ibili ginen jokatzen, infantil mailakoek egiten dituzten hutsak eginaz. Pentsa, azken minutuetan partidua berdintzeko bi eraso jokaldi izan genituen, eta bietako batean ere ez ginen Basaurikoen areara iritsi, bidean galdu genuen baloia".

Ford Mugarrik Portugaleten

Suabe esatearren, kategoriako talde gogorrenaren kantxan jokatuko du Ford Mugarri Arrasatek zapatuan (19:00). Eta suabe diogu, makarra berba ere erabil daitekeelako Portugaleteren gainean berba egiterako orduan: "Epaile bati baino gehiagori entzun diot esaten ez dutela ulertzen talde hori zela dagoen kategoria honetan", adierazi digu Edu Orgaz entrenatzaileak. "Iturripen jokatu zutenean, bosgarren minuturako hegaleko jokalaria gure atezainari mehatxuka zebilen".
Hori horrela, biharko partiduan epailearen jarrerak dezente baldintza dezake norgehiagoka: "Kanpoan jokatzen dutenean seguru ez dutela horrenbeste puntu batuko, baina etxean jokatzen badute, eta epailea erraz kikiltzen den horietakoa bada, norgehiagoka zaila izango da. Hala ere, gu gurera, euren jokoan erori gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak