Euskal Bizikleta Leintz Gatzagara iritsiko da gaur

EduMendibil 2006ko eka. 2a, 11:39

Euskal Bizikleta iritsiko da gaur Leintz Gatzagara. Hirugarren etapa amaituko da bertan: txirrindulariak Ispasterretik aterako dira 12:30ean eta 190 kilometro egin ondoren, Leintz Gatzagako helmugara 17:15ak aldera iritsiko direla aurreikusita dago.

Debagoienera, Oñatira, 15:37an helduko da tropela, Legazpitik Udana igota. Jarraian Arrasate (15:53), Aretxabaleta (15:59), Eskoriatza (16:05), Gatzaga (mendi sarirako puntuagarria, 16:15), Legutio, Krutzeta, Aramaio (16:47), Untzilla (mendi saria), Aretxabaleta (17:00) eta Eskoriatzatik (17:06) igaroko dira, bigarren aldiz Gatzaga igo baino lehen.

Gauzak argitu daitezke gaur

Saunier Duval taldeko Koldo Gil dugu Euskal Bizikletako liderra, baina sailkapeneko lehen 41 txirrindulariak 31 segundoko tartean daude. Leintz Gatzagan amaituko den etapa erabakigarria izan daiteke irabazleak nortzuk izan daitezkeen argitzeko.

Bihar zapatua Gatzagatik irtengo da 4. etapako lehen sektorea, 10:00etan; Agurain bitartean 84 kilometro izango dituzte txirrindulariek.

Euskal Bizikleta Leintz Gatzagara ekartzeak 30.000 euro inguruko aurrekontua izan du. Dorletako Ama Txirrindulari Elkartekoak aritu dira antolaketa lanetan, Leintz Gatzagako Udalaren laguntzarekin.

Bizikleta museoa

Hala, Leintz Gatzagak, kirol albisteetan protagonismoa izango du egunotan bizikletei esker. Txirrinduzale anonimoek ondo ezagutzen dute Leintz Gatzagarako bidea: ehunka txirrindulari joaten dira urtero txirrindularien patroi Dorletako Amari lore eskaintza egitera. Hain zuzen ere, txirrindularien tropela igaro ondoren, Dorletako Ama Txirrindulari Elkartearen hurrengo helburua zera izango da: Bizikleta Museoa zabaltzea Gatzagan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak