'Aupa Etxebeste!' filmak harrera beroa jaso zuen Zinemaldian

Goiena 2005ko ira. 23a, 14:00
Nork esan du aurtengo Zinemaldian glamourra ez dagoenik? Aupa Etxebeste!-ko filmeko aktore eta zuzendariek euskal glamourra ekarri zuten atzo Zinemaldira. Telmo Esnalek eta Asier Altuna Kixik zuzendutako filmak sekulako ikusmina piztu zuen eta ikusleek gustura hartu zuten aspaldian egin den lehen euskarazko filma. Barre algarak entzun ahal izan ziren Kursaaleko aretoan. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria egon zen atzoko estreinaldian.

Bergarako Udal Musika Bandak alaitu zuen estreinaldiaren atarikoa. San Martineko martxa ezaguna da jadanik atzo Kursaalera hurbildutakoen artean. Giro aparta zegoen estreinaldiaren aurretik eta Bergaratik etorritako jendea zen nagusi aretora sartzeko itxaroten zutenen artean. Zinemaldian ohikoa denez, jende ilada luzea zegoen filma hasi baino orduerdi lehenago. Bien bitartean, di-da baten agortu ziren filmaren arduradunek banatutako kamisetak eta soinean eramateko txapak.

Filmeko protagonistak Kursaalean

Filmeko eszena baten ikusten den bezala, garabi baten heldu ziren filmeko protagonistak Kursaaleko kubo txikira. Aktoreekin batera, Telmo Esnalek eta Asier Altuna Kixik ikusleen animuak eta txaloak jaso zituzten garabitik jaistean. Limousine xelebrea benetan Kursaaleko alfonbra gorriraino heltzeko erabili zutena. Familiakoek eta lagunek txaloekin eta oihuekin agurtu zituzten aktore eta zuzendariak.

Aurpegi ezagunak estreinaldian

Beharbada aurtengo Zinemaldian ikusmin gehien piztu duen filma izan da Aupa Etxebeste!. Horren lekuko, atzoko gonbidatuen zerrenda: Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Miren Azkarate Kultura sailburua, Begoña Bilbao Legebiltzarreko presidentea, Gurutz Larrañaga kultura sailbuordea, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusia, Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotzia, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Aintzane Ezenarro Aralarko batzarkidea, Bingen Zupiria EITBko zuzendaria, Jaime Otamendi EITBko Informatiboetako arduraduna, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Antton Ezeiza zinegilea, Piter Ansorena, Aitzpea Goenaga eta Ainhoa Aierbe aktoreak... Inork ez zuen galdu nahi aspaldian egin den lehen euskarazko filmaren estreinua. Proiekzioaren ostean Victoriano Gallastegi Bergarako alkatea ere ikusi genuen eta pozik zegoen Bergara zinema aretoetan ikusi ahal izango delako. Ibarretxe Lehendakariak zorionak eman zizkion alkateari.

Jende ezaguna pantailan

Estreinaldia zertxobait atzeratu zen filmaren aurretik Amalur saria (Benito Ansolak jasotakoa) eta CICAE saria banatu zituztelako. Jarraian Asier Hernandez aurkezleak bertso batekin eman zien ongi-etorria filmeko arduradunei eta aurkezpenaren ostean hasi zen proiekzioa. Ordurako jendea filma ikusteko irrikaz zegoen eta proiekzioa hasteaz bat, jendearen lehen komentarioak entzun zitezkeen. "Han hura, hor bestea..." esaten zuen jendeak pantailan ezagunen bat ateratzen zen bakoitzean. Bergarar dezente ateratzen da filmean eta zinema zaleak ez direnak ere erakartzeko balio izango du horrek. Lagunak pantailan ikusteak emozio berezia pizten duela ikusi zen atzo.

Ironia duen komedia

Euren lehendabiziko luzemetraian aurretik film laburretan erakutsi duten umorea agertu dute Kixik eta Telmok. Itxurakerien gaineko komedia da, eta horrenbeste esperientzia duten Ramon Agirre eta Elena Irureta aktoreekin barre egitea ez da zaila. Hasieratik jendeak bat egin zuen istorioarekin, Etxebestetarren mixeriekin. Diru arazoengatik Marbellara oporretara ezin joan eta etxean pasatzen dute uda guztia, bizilagunengandik izkutatuz. Iban Garate gazteak (semearen paperean) eta Pako Sagarzazu beteranoak ere lan bikaina egiten dute. Javi Pezen musikak ederto laguntzen die irudiei. Etxebestetarren etxe barruan dira eszena gehienak eta horregatik beharbada zenbait momentutan itogarria gertatzen da. Hala ere, umore kolpeek aire freskoa ekartzen dute etxe barrura. Patrizio Etxebestek esaten duen moduan, oporrak deskantsatzeko, ondo pasatzeko, disfrutatzeko dira. Jendeak disfrutatzu zuen bai Etxebestetarren oporrekin.

Filmaren ostean jaia egin zuten filmeko arduradunek eta haien lagunek Zurriolan. Esnal eta Kixi pozik zeuden jasotako harrerarekin. Zinemaldira momentu barregarriak ekartzea ez da gutxi.

Arrasate Irratian elkarrizketa

Aupa Etxebeste! filma gaur estreinatuko da Arrasateko Amaia Antzokian. Filmako bi zuzendariak, Asier Altuna eta Telmo Esnal, Arrasate Irratian izan ziren atzo, irailak 22. Bertan, filmaren nondik-norakoa eta aurkezpenaren inguruan hitz egin dute Aitziber Aranburuzabala esatariarekin.

Telmo Esnal zarauztarra Asier Altuna bergararra oso pozik azaldu ziren lortutako emaitzarekin. Aupa Extebeste! filma, iazko abuztuan grabatu zuten Bergaran. Aurtengo maiatzean, ordea, amaitu dute filmaren muntaia lanak. Gainera, aktore eta teknikoekin oso gustura aritu direla lanean adierazi dute bi zuzendariek. "Komedia ukituko drama" dela diote eta ironia puntuaz tartekatutako istorio gisa definitu du Asierrek.

Filmarekin, debagoiendarrak identifikatuta sentituko garela ere esan du asierrek. Izan ere, filmeko pertsonaiak errealitate hurbilekoak direlako. Filmean ezagunik ikusteko aukera ere izango da. Luzemetraiak, kritika soziala egiten du eta gutxirekin ere pozik bizi daitekeela helarazi nahi du.

Bergarako Novedades aretoa itxita dagoela eta, penaz azaldu da Asier. Izan ere, bere nahia filma Bergaran estreinatzea baitzen. Dena dela, gaur, irailak 23, Arrasateko Amaia Antzokian estreinatuko da pelikula gaueko 10:00etan.

Ia 14 urte pasa dira euskarazko film bat egien gabe. Hala ere, bi zuzendari gaazteek oso garbi zuten euskaraz lan egingo zutela.Izan ere, herri euskaldun bateko istorioa eskaraz egin behar zutela azpimarratu dute. Dena dela, Bilbo, Iruña eta Gasteizen filma bikoiztuta emango dute. Subtitulatutakoak ere eskainiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak