Arrasateko eta Bergarako hiru lagun Euskal Herriko hamar grafitigile onenen taldean sartzea lortu dute, Topaguneak deitutako lehiaketako finalera sailkatu dira eta. Epaimahaiak euren grafiti zirriborroa aukeratu zuen Euskal Herri osoko 28 lanen artean finalera pasatzeko. Grafitigileok ezizena erabiltzen dute lanok sinatzeko, eta hala deitzea nahi izaten dute. Hortaz, Esan, Ukan eta Brok debagoiendarrek jokatuko dute finala. Lehenengo aldiz parte hartzeko aukera izan dute lehiaketa batean Euskal Herrian lehenengo aldiz antolatzen delako horrelako bat, eta pozik daudela onartu digute. Baita itxaropentsu ere: Lau sari banatuko dituzte, eta ea gutxienez bat lortzen dugun, esaten dute.
Musika eta tailerrak ere bai
Finalean, Mendaroko pilotalekuko aurrealdea margotu beharko dute. Horretarako, 10:00etatik 17:00ak bitarteko epea izango dute. Lehiaketaz gain, erakustaldi bikaina izango da ikusi nahi duten guztiendako. Sari banaketa 17:00etan izango da. Horrez gain, hainbat musika emanaldi eta tailer ere antolatu ditu Topaguneak.