Debarroko txapelketako hiru finalak ibarreko bikoteek irabazi zituzten

SaioaIgartua 2004ko eka. 28a, 11:02
Zapatu arratsaldean jokatu zen Debarroko txapelketako azken jardunaldia. Hiru final jokatu ziren eta hiruretan zeuden ibarreko ordezkariak. Antzuola, Eskoriatza eta Aretxabaleta izan ziren kadete, gazte eta senior mailetan irabazle.

Berriz ere errasti anaiak

Arratsaldeko azken partidua izan zen Aretxabaletako Errasti anaiak eta Muguruza eta Gutierrez bergararrak aurrez aurre jarri zituena. Partidu luze eta gogorra izan zen. Eta Errasti anaiak izan ziren nagusi. Badirudi txapelketa horri neurria hartuta diotela; izan ere sei aldiz heldu dira finalera eta zapatukoarekin lau aldiz lortu dute txapela. Lehen momentutik nagusitu ziren Errasti anaiak markagailuan, eta Bergarako bikoteak ezin izan zuen aurre hartu.

Gazteak eta kadeteak

Gazte mailan Eskoriatzak eta Elgoibarrek jokatutako finala izan zen partidu motzena. Eskoriatza guztiz nagusitu zitzaion Elgoibarri. Nahiz eta partidu hasieran eskoriatzarrak urduri egon eta hutsak egin zituzten, behin partiduan sartuta ez zuten aurkaririk izan. Elgoibarrek huts asko egin zituen eta sei tanto egitea besterik ez zuten lortu.

Kadete mailan, Antzuolako Olalde taldea eta Elgoibarko Lagunak ibili ziren aurrez aurre. Jauregi eta Mendizabal bikote antzuolarrak urduri samar hasi zuen partidua, baina poliki-poliki jokoa hobetzen joan ziren biak. Partidua nahiko parekatua izan zen markagailuan 13nako berdinketa ezarri zen arte. Momentu hartan partidua hautsi egin zen eta Antzuolak hartu zuen aurre, 19-13 jarri arte. Elgoibartarrak 16 tantoraino heldu ziren, baina berandu zen ordurako, antzuolarrek hartutako aldea handia zen eta.

Finalista onenak

Jokatutako hiru finaletan, herri guztietako delegatuek jokalari onenak izendatu zituzten. Kadete mailan Mendizabal atzelaria izendatu zuten pilotari onena. Gazte mailan Axpe Eskoriatzako atzelaria. Eta seniorren finalean Jon Errasti aretxabaletarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak