20 ekitaldi
Aurten 20 ekitaldi antolatu ditu Musikairekiaz baino bost gehiago, denak asteburuetan eta aire zabalean, aprobetxaturik Elorriok dituen paraje eta eraikin paregabeak: baselizak (Argiñeta, Lourdesko koba eta San Jose), jauregiak (Casajara eta Tola), elizak (San Agustin eta Sortzez Garbiaren parrokia), herriko plaza eta elizpea.
Hogei jaialdi horietan musika klasikoa entzungo da, musika etnikoa, jazza eta antzerkia. Talde batzuk baino ez aipatzearren, Frontela Rico ahizpak izango ditugu, Philadelphia Young Performers Orchestra, Savina Yannatou & Primavera en Salonico, Moskuko Ganbera Orkestrako Bakarlariak, Nass Marrakech eta Xabi San Sebastian. Edo antzerki eta dantza talde zenbait, Biarritzko Balleta esate baterako. Guztira 200 bat artista bilduko dira Elorriora.
Musikaire prestatzeak lan handia dakar: 30 lagun arituko dira buru-belarri eginbehar horretan. Kostoa ere, kontuan hartzekoa du: 100.000 euro (16.600.000 pta.). Ikusleak, berriz, 5.000 bat espero dira.
Zazpi urteko esperientzia
Izen berriarekin orain urtebete plazaratu bazen ere, Elorrioko Uda Jaialdiak orain zazpi urte hasi ziren, Arriola Kultur Elkarteak bultzaturik. Hasieran esperimentu hutsa izan zen, bihozkada batean oinarritua: zergatik ez aprobetxatu Elorriok dituen paraje zoragarriak musikaz gozatzeko?
Urtea joan eta urtea etorri, esperientzia indartu egin da eta gero eta arrakasta handiagoa izan du. Antolatzaile taldea zabaldu egin da, musika motak ireki eta jendea ere, ugaritu.
Musikaire.com
Informazio guztia sarean ikusi izango da gaur estreinatu den Musikaire.com webgunean. Webgune honetan internautak aurki ditzake aurtengo jaialdien berri, programazioa barne. Baita Elorrioren historia, datu geografikoak, herriko jatetxe, hotel eta landetxeen zerrenda, harremanetarako helbide bat, eta Musikaireri laguntzen dioten enpresen eta erakundeen zerrenda. Hori guztia, jakina, euskaraz eta gaztelaniaz.
Bezeroaren iritziak
Joan den udan Musikaireko antolatzaileek erabaki zuten kontuan hartu behar zela jaialdietara etortzen zen jendearen iritzia. Horregatik, prestatu zuten galdetegi bat, eta jendeari eman iazko jaialdirik jendetsuenean. Jende askok erantzun zuen, eta handik ateratako ondoriorik behinenak hauek dira:
- Nor den gure bezeroa. Gure jaialdien bezeroa pertsona heldua da, 40 urtekoa, Elorriokoa, eta musikazalea.
- Komunikabiderik eraginkorrena. Oraingoz esku programa da komunikabiderik eraginkorrena, etxez etxe banatzen dena Elorrioko etxe guztietan. Jende gehienak horien bidez izaten du jaialdien berri.
- Formula egokia. Jendea oso pozik dago Musikairen gaur egun duen formularekin.
- Mazedonia gozoa. Jendeak kontzeptu hau balioesten du gehien, mazedonia, ulertuta kultura eskaintza ugari eta askotariko moduan.
- Nola hazi. Haztekotan, Debagoienean (Gipuzkoan) eta Durangaldean (Bizkaian) hazi beharko litzateke Musikaire.
- Ordaintzeko prest. Jende gehiena prest dago zerbait ordaintzeko Musikairen.