Izotzak ez du esperotako eragozpenik sortu

Julen Iriondo 2004ko mar. 2a, 15:30
Gaur goizean adituek iragarri besteko izotzik ez du egin Debagoienean. Errepideetan arazotxoren bat edo beste izan da, baina beste munduko ezer ez. Datorren gauean ere badago izotza egiteko arriskua.

Kezka handia sortu zuten atzo gaurko egindako eguraldi iragarpenek. Zerua oskarbi geratuko omen zen gauerako, eta frantzi-ipar haizeak hotza ekarriko ei zuen geurera. Gaueko hamarretarako termometroak zeropetik ziren Debagoieneko herrietan. Bide bazterretako elurra urtzen hasita, izotz geruza handiak espero ziren, beraz, gaurko errepideetan. Iragarpen honen aurrean neurriak ere hartu zituzten: Arrasaten, esaterako, 6.000 kilo gatz bota zituzten atzo. Azkenean, ordea, izoztea ez da hainbesterako izan.

Lainoek zerua estali dute gau osoan zehar, eta gelarik apenas sortu da ondorioz. Herrizaingo Sailaren Prentsa Bulegotik adierazi zaigunez goizeko lehen orduetan Eskoriatza eta Arlaban inguruan arazoren bat sortu du izotzak, baina laster konpondu dute. Zenbait hedabidek zabaldu du A1 autobidean, Maltzaga eta Bergara artean eragotzi egin dietela ibiltzea goizean kamioi eta autobusei, baina informazio hori zuzena ez zela azaldu digu Ertzaintzak.

Aramaiotik Legutiora bidean, berriz, Krutzetako mendatea ez zegoen goizean egoera onenean, baina ez izotzagatik, elurragatik baizik. Azken egunetan egindako eta makinek bide bazterrera botatako elurrarekin pila handiak sortu dira aldamenetan. Bidea ohi baino estuago zegoen ondorioz, eta arreta handia behar zen gidatzerakoan.

Urkulu %88ra

Datozen orduetan giroa zertxobait goxatuko dela iragarri dute adituek; elurrak urtzen jarraituko du beraz, eta izotz arriskua ez da oraindik desagertu: datorren gauean egin omen dezake. Dena den, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Babesgo Zibileko plangintza berezia.

Bestalde, azkenaldiko elurrak izan du ondoriorik Urkuluko urtegian ere. Egun bere edukieraren %88an dago, baina maila honek gora egingo du zirrenera elurra urtu ahala. Dena dela, urtegiko arduradunek ez dute neurri berezirik hartzea aurreikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak