Mydoom.A zizarea izugarri zabaldu da

Goiena 2004ko urt. 27a, 18:54
Urtarrilaren 26an agertu omen zen Mydoom.A zizare elektronikoa eta egun batean ordenagailu mordoa hondatu ditu, batez ere enpresetako sareetan dihardutenak. Debagoienean ere sartu da hainbat ordenagailutara. Antibirus etxeek dagoeneko atera dituzte txertoak.

Sustatu.com-en atera berri dute albistea. Dick Turpin-ek idatzi du; hona hemen testua:

Bazkalondoan ordenagailuaren aurrean jarri naizenean, mezu zaparrada bat jaso dut postontzian: gehienak ziren zizare malapartatu batek bidalitako mezu pozoinduak. Batzuek zekarten izenburutzat “Mail Delivery System” edo “Server Report”. Geroago, baina, jakin izan dut birusak erabiltzen dituela beste izenburu hauek ere edukietan: “Hi”, “Hello”, “Status” edo “Error”.

Zabor horrekin batera jaso dut lagun baten abisua, eta honek ohartarazi dit zizare baten gainean. Beraz, jasotako guztia txukun-txukun zabor ontzira bota, hau hustu, eta hasi naiz zizaren horren berri bila.

Antza denez, Mydoom.A zizareak, horrela deitzen baita piztia, sekulako ahalmena omen du sareetan-eta hedatzeko, eta adituek diote oraingoan ez duela erabiltzen Microsoften akatsik sisteman sartzeko. Aitzitik, artxibo bat instalatzen du, eta honek TCP 3127 portua ireki. Horrela, edozein hacker sar liteke sisteman.

Badirudi, gainera, programa hau izugarri zabaltzen ari dela Kazaa musika eta artxiboak trukatzeko programaren bidez.

Zizare hau atzo agertu omen zen, baina dagoeneko hondamena ekarri die enpresa askoko sistema informatikoei. Itxura guztien arabera, behin sartuta ordenagailu batean, zizareak erabili egiten du kutsatutakoaren helbideen agenda, birusa hedatzeko.

Antibirus enpresarik handienek eguneratu dute softwarea birus hau suntsitzeko, hala nola, Panda Software, Mcafee eta Kaspersky Labs etxeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak