Gabonetako oporraldiak orain arte egindako lana eta emaitzak errepasatzeko balio izaten du. Preferente mailakoek ezin izan dute horrelakorik egin, azken asteotan ere Liga Txapelketa izan dute-eta. Ibarreko taldeak nahiko ondo ibili dira Gabonetan, eta guztiek egin dute gora. Joan den astean, Bergarak banakoa egin zuen Urolaren kontra. Mondrak 0-1 irabazi zion Tolosari. Aloña Mendi 0-2 nagusitu zen Zestoan eta aretxabaletarrek puntu bat ekarri zuten Touring-en zelaitik.
Oraingo asteburuari dagokionez, norgehiagoka erakargarrienetako bat Mondrak eta Zarautzek jokatuko dutena da. Biek hala biek goialdean jarraitzearren egingo dute borrokan. Bergara ere goialdean dago, bosgarren postuan, eta sailkapenean gero eta beherago dagoen Santo Tomas Lizeoaren kontra neurtu beharko dituzte indarrak. Oñatiarrak ere goiko postuetatik gero eta gertuago daude, seigarrenak dira dagoeneko, eta Touring izango dute oraingo astean kontrario.
UDA, erdiko postuen bila
Aretxabaletako taldea hamahirugarren lekuan dago. Igor Gordobilen mutilak atzeko postuetatik urruntzen dabiltza, eta bide horretatik jarraitzeko beharrezkoa dute oraingo asteburuan Hondarribiaren kontra irabaztea.