Lekuko aldaketa Bergarako Odol Emaileen Elkartean, eta odol gaztea erakartzeko nahia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 26a, 13:15

Pedro Mugika eta Antonio Herzog, Arin zentroan. Argazkia: Bergarako Odol Emaileen Elkartea.

2012a ezkero odol emaileen delegatu izan den Antonio Herzogek Pedro Mugikari pasatu dio lekukoa. Mugikak Herzogen lana goraipatu du, eta gazteak behar direla nabarmendu: "70 urtetik gora ezin da odolik eman, eta komeni da gazteak kontzientziatzen joatea".

Bergarako Odol Emaileen Elkarteak batzar orokorra egin zuen martxoaren 4an, eta delegatua aldatzea erabaki zuen. 2012a ezkero delegatu izan den Antonio Herzogek (La Carlota, Kordoba, 1943) Pedro Mugikaren (Bergara, 1959) eskuetan utzi du ardura.

Herzogen "txalotzeko" lana

Mugikak, hasteko eta behin, Herzogen lana txalotu du: "Lan bikaina egin du Herzogek. Gainera, 12 urte iraun duen haren zikloan, pandemiak eragin zituen arazoak kudeatzea tokatu zitzaion; pandemiaren ondorioz emaileen kopuruak ez du behera egin, eta, aldatzekotan, gorantz egin du. Beste herri batzuetan, Eibarren, adibidez, ez da lortu oraindik pandemia aurreko kopurura bueltatzea".

Herzogen "txalotzeko lan bikainaren" ostean, "ilusioz" hartu du Mugikak ardura berria: "42 urte bete dira lehenengoz odola eman nuenetik, eta, gaur egun erretiratuta nagoenez, ardura berriak ez dit lan handirik ekarriko. Laguntzeko ilusioz nago".

Hurrengo odol ateratzea maiatzaren 8an izango da, Arin eguneko zentroan, 16:30etik 20:30era

Gazteak erakarri nahian

Mugikak azpimarratu duenez, emaile gazteen beharra dago, batez ere: "Gazteak dira bereziki erakarri nahi ditugunak. Izan ere, zehaztuta daukagu 70 urtetik aurrera ezin dela odolik eman; eta joera argia izango denez gero eta urte gehiago bizitzea, komeni da gazteak kontzientziatzen hastea.

Gaur egun gizonezkoak gehiago badira ere, "emakumezko asko" dagoela ere badio Mugikak: "Emaileen kopurua ez da parekidea, baina azken urteetan emakumeak ere etorri dira. Adinari dagokionez, 40 eta 45 urte arteko herritarrak dira nagusi".

Odola eman, eta pintxoaz gozatu

Odola emateko egin behar den bakarra da ateratze bat tokaten denean San Joxepe erretiratu elkarteko Arin eguneko zentrora joatea: "Ahal bada, aldez aurretik deitu eta lasai asko etorri. Zentroan erizain bat egongo da egun horretan, tentsioa eta bestelako neurketak egiteko. Dena ondo badago, beste profesional batengana pasatuko da eta galdera labur batzuk egingo dizkio, eta gero, momentuan bertan aterako diote odola. Prozesu osoak ez du 25 minutu baino gehiago irauten. Ondoren, arrakasta handia izan ohi duten pintxo ederrak eskaintzen ditugu".

Hilean bi eguaztenetan egon ohi da odola emateko aukera, 16:30etik 20:30era. Azken ateratzea apirilaren 17an izan zen eta hurrengoa maiatzaren 8an izango da –beti ez da hamabost egunean behin izaten–. 2024rako 23 ateratze dituzte aurreikusita.

Elkartea "oso ondo" dago

Elkartea 1966an jarri zuen martxan Jose Mari Dulanto medikuak eta haren taldeak, eta, ordutik, Gipuzkoako elkarte indartsuenetako bat da. "Bergarako elkartea oso ondo dago, beste batzuekin alderatuta, baina komeni da gazteak erakartzea. Odolerako beharra beti egoten da; bereziki, udan. Ezin da ahaztu ebakuntza gehienetan behar izaten dela odola, eta, beraz, komeni da odol-putzu ona izatea. Hori esanda, eskerrak eman nahi dizkiegu emaile guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak