Belaunaldien arteko harremanak sustatuko dituzte Bergaran, jolasaren bidez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 25a, 15:08

Igelaren jolasa, iaz.

Apirilaren 29ko Belaunaldien Arteko Nazioarteko Egunaren harira, ume eta hirugarren adineko bergararrak Oxirondon elkartuko dira bihar, hilak 26, elkarrekin jolasteko. Gaur egungo eta garai bateko jolasak aitzakia hartuta eta euskara ardatz, harreman berriak bultzatu nahi dituzte antolatzaileek.

Apirilaren 29an, astelehena, Belaunaldien Arteko Nazioarteko Eguna ospatuko dela-eta, aurten bigarren urtez jarraian ume eta hirugarren adineko bergararrak elkartuko dituzte jolasaren bueltan. Hitzordua biharko, apirilak 26, egin dute, Oxirondo plazan, 17:30ean; izan ere, egubakoitz arratsaldeak izan ohi dira ume bergararrentzat asteko unerik egokiena. Planteamendua sinplea bezain berritzailea da: ume bergararrak hirugarren adineko bergararrekin elkartzea eta jolasaren bidez belaunaldien arteko harreman berriak sustatzea.

"Emaitza oso ona" iaz

Iaz jarri zuten martxan ekimena, Adineko Kontseiluaren sorreran aritutako taldeek bultzatuta. Gaur egun, herriko sei eragilek hartzen dute parte antolaketan: Aidau haur zerbitzua, Duintasuna elkartea, San Joxepe erretiratu elkartea, Nagusilan, Jardun eta Udala. Iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta, antolatzaileen arabera, "emaitza oso ona" eman zuen: "Euskara ardatz eta jolasa elkartzeko aitzakia moduan hartuta, elkarrizketa ederrak sortu ziren iaz. Umeek asko gozatzen dute nagusiei entzuten, asko ikasten dute. Eta nagusiak, era berean, protagonista sentitzen dira umeekin batera arratsalde ederra igarota. Oso polita da".

Egungo eta garai bateko jolasak

Aidau haur zerbitzuak Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailetan ari diren umeekin egiten du lan, eta uste dute gaurko saiorako 25 bat ume egongo direla. San Joxepe elkartean, berriz, azken unera arte ez da jakingo zenbat erretiratu animatuko diren umeekin batera jolastera.

Amaieran, txokolate-jana izango dute, eta baita egungo eta garai bateko musika ere

Gaur egungo eta garai bateko jolasak izango dira protagonista gaur Oxirondo azokan. Nagusiek ume zirenean egiten zituzten jolasak azalduko dizkiete umeei, eta alderantziz.

Izena ematen duten nagusien eta umeen arabera sortuko dituzte taldeak, talde berean adin ezberdinetako herritarrak nahastuz; talde bakoitza kolore batez identifikatu ahalko da. Askotariko jolasez gozatuko dute umeek eta nagusiek: besteak beste, sokasaltoa, txapak, igela...

Txokolate-jana eta musika

Jolasekin gozatua hartu ostean, protagonistek indarrak berreskuratzeko aukera izango dute; izan ere, txokolate-jana antolatu du San Joxepe elkarteak. Gainera, musika jartzeko asmoa ere badago; kasu horretan ere, gaur egungo umeek entzuten duten musika garai bateko musikarekin tartekatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak