Rock-and-roll zaleek kale ez egiteko zita dute egubakoitzean kartzela zaharrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 18a, 15:08
Durangaldeko Nevadah taldeak irekiko du rock-and-roll gaua bihar kartzela zaharrean, 22:30ean "puntual" hasita. Argazkia: Anboto.

Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenari esker, Nevadah eta Santa Barbara taldeek joko dute egubakoitzean, hilak 19, kartzela zaharrean (22:30); sarrera zortzi euro da. Maiatzaren 31rako festa elektronikoa antolatu dute, eta ekainean bost urte beteko ditu ekimenak.

Rock-and-rolla maite duten musika zaleek proposamen ederra izango dute bihar kartzela zaharrean, Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenari esker. Nevadah eta Santa Barbara taldeek osatzen dute biharko menu musikala, 22:30ean hasita; sarrera zortzi euro ordaindu behar da.

Urtean hamar kontzertu helburu

Durangaldeko Nevadah taldea izango da agertokira igotzen lehena: "Nevadah izango da jotzen lehena, eta puntual hasiko da; beraz, durangarrak ikusi nahi dituenak badaki ze ordutarako etorri behar duen", adierazi du antolakuntzako kideetako batek, Unai Elkorok. 2024ko ekainean bost urte beteko ditu Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenak, kartzela zaharra egubakoitzetan zuzeneko musikaz busti nahi duen egitasmoak. Uztailean eta abuztuan izan ezik, hilean egubakoitz batean kontzertua antolatzeko helburua zehaztu zuten ekimena abiatu zutenean: "Musika gustuko duen lagun talde batek osatzen dugu Egubakoitzak Berreskuratzen, eta badira ia bost urte martxan gaudela. Gure helburua da zuzeneko musika eskaintzea, ahalik eta eskaintza zabalena izateko. Apirilekoan rocka izango da protagonista eta maiatzekoan, berriz, musika elektronikoa".

Nevadah kartelburu

Biharko jaialdiari erreparatuta, 2014an Durangaldean sortutako Nevadah taldea da ezagunena eta ibilbide luzeena daroana. Rock-and-rolla, garagea eta bluesa dira jorratzen dituzten estiloak. Taldea osatzen dute Ekhi Arrietak –ahotsa–, Liher Arteagak –gitarra–, Jon Agirrebeitiak –gitarra–, Anartz Ugartek –baxua– eta Pello Bañosek –bateria–. 2016an lehen maketa argitaratu ostean, 2018an estudioko lehen lana grabatu zuten, We're Coming to You izenekoa, zortzi abestiz osatua. Urte hauetan zehar Euskal Herriko eszenatoki ugaritan jotzen aritu dira, aurreko abeslari Jon Agirrek taldea utzi zuen arte.

Pandemiaren testuinguruan eta 2021ean Ekhi Arrieta abeslari moduan sartu baino aurretik, hiru urtez kantu berriak sortzen aritu ziren, entsegu-lokalean sartuta. 2022an euren hirugarren diskoa grabatu zuten Lorentzo Recordsen, Still Goes On izenekoa, zortzi abesti indartsuz osatua. Durangarren ostean joko du Santa Barbara taldeak.

Maiatzekoan elektronika nagusi

Apirileko emanaldia rock-and-roll indartsuz dator, eta maiatzean oso bestelako proposamen bat ekarriko dute. Musika elektronikoa izango da protagonista maiatzaren 31ko gauean, eta ziur ez duela inor axolagabe utziko. Batetik, Ke Lepo etorriko da, Alejo Orbegozo zestoarra –eta Grises taldeko teklatu-jotzailea– duena proiektuaren aita. Hala ere, maiatzaren 31ko ikuskizunean Jokin Guridi bideo-jockey bergararra izango du ondoan; izan ere, entzuten gozatzeaz harago, bideo-proiekzio ikusgarriz jantzitako emanaldia izango da. Kartela osatuko du Zatibi proiektuak: Mikel Iraeta musikari azkoitiarra dago proiektuaren atzean, aurretik RO eta Zizel proiektuetan ibili den musikari berezia.

Ekainekoan, "zerbait berezia"

Ekainean bost urte beteko ditu egitasmoak eta Elkorok aurreratu du "zerbait berezia" egitea dutela pentsatuta: "Ez da beste munduko ezer izango, baina zuzeneko berezi batzuk baditugu buruan; oraingoz, baina, goiz da ezer zehazteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak