Bergarako Musika Banda ezin gertuagotik ezagutzeko aukera polita izan da gaurko kontzertu didaktikoa

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 14a, 15:48

Zazpi pieza eskaini ditu bandak eguerdian egin duen emanaldian, eta ohikoa baino publiko gazteagoa izan dute lehen lerroetan. Berezia izan da saioa; izan ere, publikoak pieza bat bandako musikarien artean jarraitzeko aukera izan du, bi pieza jo dituzte musika eskolako gazte bandarekin eta musika eskolako ikasleen antzezpenak izan dira emanaldian zehar.

Bergarako musika eskolaren 40. urteurreneko egitarauaren barruan kontzertu didaktikoa eskaini du gaur eguerdian Bergarako Musika Bandak pilotalekuan. Igor Larrañagaren azalpenei esker publikoak jakin du nola eta zergatik afinatzen duen banda batek, zergatik den banda sinfonikoa Bergarako banda eta ze zailtasun mailakoak izan diren kontzertuko hainbat pieza. Publiko gazteari eskainitako azalpenak izan dira, baina adinez nagusiagoak zirenek ere primeran jaso dituztenak.

Askotariko estiloetako eta garaietako zazpi pieza

Zazpi pieza izan dira entzungai: Kalez kale musikaz (2007, Alfredo Glz. Chirlaque), La gazza ladra (1817, G. Rossini), Rapunzel (2005, B. Appermont), Chandé (2013, V. Valencia), Zurekin batera (2020, En Tol Sarmiento), Quédate (2022, Quevedo-Bizarrap) eta musika eskolaren ereserkia (Alfredo Glz. Chirlaque) . Askotariko estiloak izan dira, tartean Rossiniren opera bateko pieza.

Rapunzel piezan antzerkia ere egon da; izan ere, musika eskolako ikasleek ipuinetako hainbat pasarte antzeztu dituzte bandak jo duen musikaren erritmoa jarraituz. Chandé obrari dagokionean, publikoak aukera izan du pieza bandako musikarien artetik jarraitzeko, eta musika eskolako ikasle askok baliatu dute aukera.

Gazte Banda ere musikarien artean

Azkenik, emanaldiko azken hiru piezak jotzeko handitu egin da musikari taldea; izan ere, bandako musikariei Bergarako musika eskolako gazte bandako kideak batu zaizkie. Doinu berriagoak jo dituzte eta dantzan ere egin du hainbatek publikoan. Kalejiran amaitu dute kontzertua. Bergarako musika eskolako gazte bandako zuzendari Txus Arriaranek zuzenduta eskolako ereserkia jo dute musikariek eskolako ikasleek eta irakasleek kalejira egin duten bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak