Bueltan da Bergara Hiria pilota txapelketa

Gontzal Belategi Zubia 2024ko api. 2a, 12:01

Joan zen urteko txapeldunak, Murua arrasatearra eskuinean.

Apirilaren 9an hasiko da Bergara Hiria txapelketaren 26. edizioa, gizonezko 16 bikoterekin. Aurten, ezin izan dute emakumezkoen txapelketa osatu, datak beste lehiaketa batzuekin bateraezinak direlako. 3 debagoiendar lehiatuko dira txapelketan.

Apirilaren 9an abiatuko da Bergara Hiria txapelketaren 26. edizioa. Gizonezko 16 bikote lehiatuko dira Bergara Kirol Elkarteak antolatutako txapelketan, senior eta promesa mailetan bananduta. Aurten, ez da emakumezkoen txapelketarik egongo, antolatzaileek ez dutelako pilotari nahikoren baiezkoa lortu. Honen arrazoiak, data horietan pilotari ugarik beste lehiaketa batzuk dituztela izan da. Hala ere, antolatzaileek adierazi dutenez, finalean emakumezkoen partida bat izango dela bermatuko dute.

Apirilaren 9tik maiatzaren 20ra bitartean jokatuko dira partida guztiak, asteartero, 19:30ean hasita. Egun bakoitzean bi partida jokatuko dira, maila bakoitzeko bat. Salbuespena maiatzaren 20ko finalak izango dira, Mendekoste astelehenean jokatuko direnak, gainontzeko partiden ordu berdinean. Partida guztietarako sarrera doakoa izango da.

Hiru debagoiendar lehian

Aurtengo edizioan hiru debagoiendar lehiatuko dira txapelketan: Manex Balerdi antzuolarra, Ander Etxaniz bergararra eta joan zen urteko txapeldunetako bat den Ander Murua arrasatearra. Hirurek senior mailan hartuko dute parte. Apirilaren 9an bertan jokatuko du Manex Balerdik, Peru Zubizarretarekin batera. Aurrean, Egiguren eta Bernaola izango dituzte. Ander Etxanizek Loza izango du bikotekide eta Amiano eta Garmendiaren aurka lehiatuko da apirilaren 16an. Azkenik, Ander Murua, eta Alduntzi, Lizeaga eta Olidenen aurka lehiatuko dira apirilaren 30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak