Jabi Martinez Aznal: "Eten barik praktikatuz garatzen du nork bere maila"

Mireia Bikuña 2024ko urt. 3a, 14:26

Jabi Martinez Aznal.

Jabi Martinez Aznal (Mendabia, 1980) 14 urterekin hasi zen xakean jokatzen, eta oraindik ere badihardu xakeko taularekin.

Bergaran bizi da azken urteetan, eta hango klubeko jokalariekin dihardu. Duela lau urte zabaldu zuten xake eskola.

Samurra da zuregana doazen neska-mutikoei xakean erakustea?

Bergarako Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastoletan xakea lantzen dute. Hortaz, han ikasten dituzte lehen mugimenduak eta arauak, eta xake eskolara etortzen direnean ez dira hutsetik hasten. Neska-mutikoek badute aukera xakea ezagutzeko eskolaz kanpoko ekintza moduan.

Baina norbait joaten bada xakeari buruz ezer jakin barik, zer da egiten duzuen lehen gauza?

Jokoa ez ezagutu arren, taula ezagutzen dute guztiek. Fitxa zuriak eta beltzak daudela ere bai. Era berean, xakearen elementuak zeintzuk diren ere lantzen da: errege eta dama bana, bi dorre, bi zaldi, zortzi peoi eta bi alfil. Hasteko, oinarrizko mugimenduak eta arauak zeintzuk diren erakusten zaie. Gainera, xakearen pieza bakoitzak balio ezberdina dauka.

Ez dira gauza askotxo?

Ez. Teoria oso inportantea izaten da, baina praktikarekin garatzen du nork bere maila. Neska- mutikoekin, bereziki, jolasak egiten ditugu, ideiak horiek garatzeko eta indartzeko. Adibidez, xakeko pieza bakoitzari balio imajinario bat ematen diogu: peoiari puntu bat eta dorreari bost puntu. Jakina, partidan ezin dugu peoi bat dorre batekin aldatu, balio txikiagoa duelako. Hori haurrak kalkulatu behar du, jokoan dagoen bitartean.

Puntuazio imajinario horrek balio du momentuko estrategia zehazteko?

Bai, hori da. Bereziki, partida erdian, gutxi gorabehera, egiten da balioena, lehia zer moduz doan jakiteko edo aurrera begirako mugimenduak zeintzuk izan daitezkeen zehazteko. Baina umeekin, bereziki, jolasak erabiltzen ditugu.

Kontzentrazioa eta isiltasuna dira xakeak behar dituen ezaugarrietako batzuk. Erraza al da haurrekin lortzea?

Xakearekin balio asko indartzen dira, baina haurrek partidak jokatu nahi dituzte. Adibidez, Bilbon, lehen bi urteetan, ez dute xake-taula ukitzen. Hainbat joko eta eskulanekin xakearen alderdiak lantzen dituzte, baina partidarik jokatu gabe. Guk ezin dugu bi urtez egon neska- mutilek jokatu gabe. Akzio pixka bat behar dute, eta xakean hori partidek ematen dute. Horiek gabe, beste edozein kirolek irabaziko liguke. Dena den, kontzentrazioa eta isiltasuna landu egiten dira, apurka-apurka.

Ze inportantzia dauka estrategiak xakean?

Estrategia da dena. Esango nuke zailena eta politena, aldi berean. Beste edozein kiroletan bezala, aurkaria kontuan hartuta prestatzen duzu partida. Batzuek erasora jokatzen dute beti eta beste batzuek nahiago dute euren burua defendatu. Nire aurkariak damaren hegaletik eraso egiten badit, beste aldetik tranpak jartzen saiatuko naiz. Eta hark egiten dituen mugimenduen arabera, agian, nire estrategia aldatu beharko dut. Hori da xakearen saltsa. Baina estrategia ondo ulertu eta aplikatzen jakitea ez da samurra. Eskarmentuarekin lortzen da hori. Hala ere, behin estrategia landuta, beste modu batera ikusten da jokoa. Xakea oso ezberdin ikusten da.

Berehala nabaritzen al da jokalari batek xakerako talenturik duen?

Antzematen da jokalari ona izateko ezaugarriak dituen edo ez. Horretarako, entrenatu eta entrenatu egin behar da, ia eten barik. Bada, punta-puntako jokalari izateko, maisu handia izateko edo munduko txapelketa irabazteko, jokalari horrek berezko ezaugarriak izan behar ditu, Garri Kasparovek, Anatoly Karpovek eta Emanuel Laskerrek zuten moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak