Ohi baino luzeagoak eta parte hartzaileagoak espero dira aurten sanmartinak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 8a, 08:48

Iaz lehen aldiz Oxirondo inguruan egin zen azoka handia; aurten ere leku berean jarriko dute.

Gaur hasi eta irailaren 17ra arte luzatuko da aurten sanmartinetako egitaraua; bihar azoka handia Oxirondo inguruan eta irailaren 15ean irtengo da inoizko parte hartzerik handiena izango duen helduen danborrada, 19 talde eta 560 danbor-jotzailerekin.

Bi asteburu hartuko dituzte aurten San Martin jaiek. Lehen asteburuko egun kutuna biharkoa izango da, feria handiaren eguna. "Aurten bigarren urtez, Oxirondon jarriko da azoka [10:00etatik aurrera irekiko da]: han izango dira barazki eta fruta postuak, eta baita bestelako askotariko postu batzuk ere. Katabixan, aldiz, gazta lehiaketa egingo da, talo eta odoloste postuak izango dira, eta herriko komertzio batzuk ere postuak jarriko dituzte", azaldu du Kultura teknikari Edurne Kortak. Talo eta odoloste postuen zozketan, aurten Harrera eta Jardun euskara elkarteak izan dira zortea izan dutenak. Harrera elkarteak taloen postua jarriko du eta bigarrenak, berriz, odolosteena.  

Barazki, fruta eta gazta lehiaketak

Biharko azoka bereziak utziko dituen zifra batzuk eman ditu aditzera Udalak: gazta lehiaketan 21 ekoizlek hartuko dute parte, eta barazkien eta fruten lehiaketan 15 ekoizlek eman dute izena. Sariei dagokienez, barazki, fruta eta gazta lehiaketetako lehen hiru irabazleei 500 euro eta garaikurra emango zaie, bigarrenei 450 euro eta hirugarrenei 400 euro. Guztira bederatzi sari banatuko dira, lehiaketa bakoitzeko hiru.
Horrez gain, eta iazko arrakasta ikusita, erle eta ezti erakusketa ere jarriko dute aurten Katabixan.

Aukeran-en Maurizia bihar

Azokaz harago izango diren biharko ekitaldien artean, Aukeran Dantza taldearen Maurizia emanaldia izango da pilotalekuan (20:30); euria eginez gero, pilotalekuan izango da : "Aipamen berezia egin gura diogu Maurizia dantza emanaldiari. Bergarako Edu Muruamendiarazek zuzendutako Aukeran dantza taldea da sortzailea eta aurten taldeak 20 urte beteko ditu; urteurren berezi hori bergararrekin ospatzea nahi izan dugu". 

Dantzarekin jarraituz, klasiko bat izan ohi den Moises Aspiazuren omenez Bergarako Musika Eskolak antolatzen duen bikote nagusiendako dantza solte txapelketarik ez da faltako aurten ere. Hori bai, azoka bezperan egiten zen txapelketa, baina domeketan jende gehiago egongo dela aurreikusita aurten domekara pasatzea erabaki dute. Etzi izango da, udal pilotalekuan (12:00). Parte hartuko duten bederatzi bikoteen artean Bergarako bakarra dago, Julen Murgiondok eta Saioa Galarragak osatzen dutena, hain justu.

Domekan ere, Kultura Kalera ekimenaren baitan, Oñatiko Ganbara abesbatzaren kontzertua izango da Mariaren Lagundiko elizan (19:00).

Danborradak, errekorra aurten

Lehen asteburuaren ostean, hilaren 15a, 16a eta 17a bete-beteta datoz. Hilaren 15ean, San Martin bezperan, nagusien danborrada aterako da. Sekulako indarra hartu ostean, aurten errekor guztiak hautsiko dira parte-hartzeari dagokionez: 19 taldek eman dute izena eta 560 danbor jotzaile arituko dira, inoizko kopururik altuena. "Entseguak hasi dira eta jai giroa zabalduz doa herrian. Danborradarekin lotuta, Udaletik nabarmendu nahi dugu bertako eragileekin landutako partaidetza prozesua danborradaren arautegia idazteko; udal webgunean dago zintzilikatuta. Aurtengo parte hartzearekin oso pozik gaude", adierazi du jaietako zinegotzi Maite Agirrek. 22:30ean irtengo da udal liburutegitik; eguraldi txarra egiten badu San Martin plazatik behin bakarrik pasatuko da, bestela birritan. Hori bai, euria eginez gero parte-hartzaileei pontxo batzuk banatuko dizkie Udalak.

Ondoren, 23:30ean, San Martin Agirreren heriotzaren errepresentazioa hasiko da musika bandaren laguntzarekin. Umeen danborradarako –irailaren 16an, 18:30ean– entseguak ere hasita daude dagoeneko.

Aritzeta abesbatzak 30 urte

Aurtengo danborrada oso berezia izango da Aritzeta abesbatzarendako; izan ere, Aritzetak duela 30 urte jo zuen lehen aldiz San Martin jaietako danborradan. Ordura arte danborradan soilik "gizonez osaturiko konpainiak" zeuden, eta Aritzetak orduan egin zuen talde mistorako aldaketa. Aritzeta abesbatzako kideak emakumezkoak eta gizonezkoak izanik, danborradan parte hartzea erabaki zuten aldaketa horren ostean. "Aritzetaren parte hartzearekin danborradaren beste aro berri bat hasi zen eta ondorioz beste talde misto askok parte hartzeko aukera izan dute" diote.

Urteurren berezia ospatzeko, Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatutako martxa joko dute eta urte hauetan guztietan Aritzetako kide izan direnak gonbidatuta dituzte danborradan parte hartzera. Arrazoia, honako hau: "Guztiok lagundu izan dugulako daukagun danborrada mantentzera".

Emakume pilotariak hilaren 17an

Emakumezkoen pilota partiduek ere izango dute tokia aurten, Bergara Pilota Elkarteak antolatuta. Jaietako azken egunean, kadete eta nagusi mailako pilota partiduak eta gazte mailako pala partiduak jokatuko dira; udal pilotalekuan da, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak