Sergio Gartzia: "Taldea indartu arren, zaila da ACBn lehiakorra izatea"

Mireia Bikuña 2017ko ira. 8a, 12:00

Irailaren 30ean hasiko duen txapelketarako bidean, geldialdia egingo du Gipuzkoa Basketek Bergaran. Lagunartekoa jokatuko du Labegaraietan, 19:00etan, eta "gogotsu" datozela dio Sergio Gartziak, bigarren entrenatzaileak.

Lagunartekoa duzue Bergarakoa. Zein puntutan dago taldea?

Bi aste daramagu lanean eta ez gaude fin oraindik. Lan fisikoa egiten dihardugu, txapelketara egoera onean heltzeko. Gainera, selekzioarekin jokatzen dauden jokalariak falta ditugu, eta Bergaran ere ez dira egongo. Hortaz, Easoko jokalari gazte askorekin jokatu beharko dugu.

Chery, Clark, Norel, Fakuade, Maiza, Perez... jokalari berri asko dituzue. Nolakoa izan da egokitzapena?

Lana eskatzen duen prozesua da. LEB mailatik datoz gehienak. Euren taldeetan izarrak izan dira, baina GBCn beste paper bat izango dute. Kontziente dira eta euren jarrera bikaina izan da orain arte. Norberak jokatzeko modu bat dauka, eta guztiek ohitu beharko dute taldearen estilora.

Eta zein da GBCren estiloa?

Defentsan lan sendoa eta serioa egin, eta erasoan erritmo azkarra eta bizia. Hori izan da betidanik gure estiloa, eta horrekin jarraitu gura dugu.

Jokalari berriak, errefortzuak, beharrezkoak dira ACB ligan lehiakorrak izateko?

Bai. Ezinbestekoak. Gipuzkoa Basketek ez dauka punta-puntako taldea osatzeko ahalmen ekonomikorik. Hortaz, LEB mailako jokalariak dira gure helburua. Euren taldeetan erreferente izan direnak eta ACB ligan euren maila erakutsi gura dutenak. Ikasteko gosea duten jokalariak.

Eta, taldea indartu arren, badakigu ez dela batere erraza izango lehiakor izatea. Saskibaloiaren elitean mantentzea ez da samurra izango.

Helburua maila mantentzea da?

Bai. Oinak lurrean ditugu eta badakigu zein den gure muga. Lana, lana eta lana.

Porfi Fisac entrenatzaileak esan du GBC "familia bat" dela. Ados?

Bai. GBCren barruan pertsonak gaude: jokalariak, zaleak, zuzendaritzakoak, langileak... Denok bide berean egin behar dugu lan. Noski, zaleen babesa oso garrantzitsua da guretzat.

Eta, txapelketa hasteko, Kanaria Handia, hilaren 30ean.

Ligako oilarretako bat da. Aurkari gogorra, baina, guztien kontra jokatu beharko dugunez... Ea, bada, hasiera ona egiten dugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak