Puntako emanaldiak, 'Kultura kalera Bergaran' ekimenaren edizio berrian

Miren Arregi Amasorrain 2017ko abu. 30a, 12:40

Musikak beteko ditu Bergarako kaleak irailean zehar. Izan ere, Kultura Kalera Bergaran ekimenaren baitan, kontzertu mordoa antolatu ditu Bergarako udalak. Herriko taldeek protagonismo berezia izango dute, baina kanpotik datozen proposamenek ere izango dute tokia. Hala, puntako musikaz gozatzeko aukera izango da herrian. Lehenengo kontzertua irailaren 3an izango da. 10:30ean, Bergarako Txistulariek kalejira egingo dute Osintxun.

Bergarako Udaleko Kultura zerbitzuak Kultura Kalera Bergaran programaren edizio berri bat antolatu du. Badira urte batzuk udalak herriko taldeen lana ikustarazteko apustua egin zuela eta hor kokatzen dira, Kultura Kalera Bergaran ekimenaren barruan antolatu dituzten herriko taldeen kontzertuak. Iaz, bestetik, bide berri bati ere ekin zioten; alegia, musika klasikoaren alorreko eskaintzak herriko gune desberdinetara ekartzeari. Bi ildoak batuta, irailean zehar garatuko den programa osatu dute.

Kanpotik datozen proposamenak

Musika klasikoa egiten duten lau proposamenez gozatzeko aukera egongo da, besteak beste. Multzo horretako lehenengoa, irailaren 10ean izango da. Egun horretan, 19:00retan, Mariaren Lagundia elizan, Oñatiko Ganbara Abesbatzak kontzertua egingo du; irailaren 17an Kamerata Oiassok emanaldia egingo du eliza berean, 19:00retan, eta irailaren 22an, hori ere 19:00retan, Ane Artechek arpa eta txalaparta kontzertua egingo du Errekalde parkean. Azkenik, irailaren 29an, Duphonik bikoteak piano eta bonbardino emanaldia egingo du Arrizuriaga parkean.

Herriko musikariak ere bai

Esan bezala, herrian dituzten artistei ere egin gura izan diete tokia. Hala, saihestu ezin diren bi hitzordu antolatu dituzte: lehena, igande honetan, irailak 3, izango da. 10:30ean, Bergarako Txistulariek, kalejira egingo dute Osintxun. Bigarrena, irailaren 16an izango da. Egun horretan, 12:30ean, Bergarako Musika Bandak San Martin plazan egingo du kontzertua.

Herriko kultur taldeak kalera

Irailaren 30 eta urriaren 1eko asteburua ere kulturaz betea izango da Bergaran. Kasu horretan, herriko kultura taldeak izango dira protagonista. Hilaren 30ean, esaterako, herriko abesbatzek kontzertua eskainiko dute San Martin plazan. 19:00retan izango da hori, eta bertan Aritzeta abesbatza, Bergarako Musika Eskolako abesbatza, Bergarako Orfeoia, Gabero Orfeoi Gaztea, Sutargi eta San Joxepe entzuteko aukera izango da.

Hurrengo egunean, urriaren 1ean, herriko bestelako kultur taldeek tailerrak eskainiko dituzte plazan. 12:00etatik 13:00etara San Martin plazan izango dira Taila Elkartea, Zeramika elkartea, Bolillos taldea, BET erraldoi konpartsa, Arizondo Argazki elkartea, Jardun Euskara elkartea, BEART, Musika Eskola eta Ehungintza tailerra. Asteburu horren helburua da, herriko taldeak balioan ipintzea eta antolatzaileek nabarmendu dute, aurten iaz baino talde gehiagok parte hartu dutela.

Hain zuzen ere, kultur taldeen lana balioan ipintzeko bide horretan, Kultura Kalera Bergaran programa azaltzen duen esku-orrian, herriko kultur talde guztien gaineko informazioa ere jaso dute. Ez hori bakarrik, herriko web orrian dagoeneko ikusgai baitago, talde horien gainean herritarrek jakin gura duten guztia.

Egitaraua

  • Irailak 3, domeka, 10:30ean, Bergarako Txistularien Kalejira, Osintxun.
  • Irailak 10, domeka, 19:00retan, Mariaren Lagundia elizan, Oñatiko Ganbara Abesbatza.
  • Irailak 16, zapatua, 12:30ean, Bergarako Musika Bandaren kontzertua, San Martin plazan.
  • Irailak 17, domeka, 19:00retan, Kamerata Oiassoren kontzertua, Mariaren Lagundia elizan.
  • Irailak 22, ostirala, 19:00retan, Ane Artecheren arpa eta txalaparta kontzertua, Errekalde parkean.
  • Irailak 29, egubakoitza, 19:00retan, Duphonik bikotearen piano eta bonbardino kontzertua, Arrizuriaga parkean.

Irailak 30, zapatua

  • 11:30ean Europako Ondareari buruzko jardunaldien barruan, Bergarako Lorategi Historikoen bisita gidatua (euskaraz).
  • 18:00retan Kalejira Batukada taldearekin.
  • 19:00retan Aritzeta Abesbatza, Bergarako Musika Eskolako Abesbatza, Bergarako Orfeoia, Gabero Orfeoi Gaztea, Sutargi eta San Joxeperen kontzertua San Martin plazan (euriarekin Santa Marinan). Ondoren, Kantu jira San Martin plazatik abiatuta.
  • 21:00etan Kopla Barik, Simon Arrietan.

Urriak 1, domeka

  • 11:00etan Bisita gidatua Bergaran.
  • 11:30an Txistularien kalejira.
  • 12:00etan Alai Taldea.
  • 12:00-13:30 Tailerrak San Martin plazan (Taila elkartea, Zeramika elkartea, Bolillos taldea, BET erraldoi konpartsa, Arizondo Argazki elkartea, Jardun Euskara elkartea, Beart, Musika Eskola, Ehungintza tailerra).
  • 13:30ean BTB kontzertua San Martin plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak