Irailaren 10ean, goizeko bederatzietan hasiko da Bergarako V. Martxa Palmerakuak Agorrosin kirolgunean. Parte-hartzaileek bi ibilbideren artean aukeratu ahalko dute; luzea, 40 kilometro eta 1300 metroko desnibel positiboarekin, eta laburra, 26 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboarekin. Antolatzaileek Trekutz inguruan prestatu dute bidea; All-Mountain bezala definitu dute, ibilbidearen zati handi bat mendian izango baita. Zailtasun aldetik "denetariko aukera" izango dela jakinarazi dute Bergarako Palmerakuak mbt taldeko kideek: "Aldatz gora eta behera trebeak direnentzako, bidetxur aproposak izango dira. Bestalde, gaztetxo zein hasi berrientzat ere, beraien mailako ibilbidea prestatu da".
Izen-ematea
Aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek, horretarako irailaren 8a arte www.kirolprobak.com webgunera jo beharko da. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da. Izena aurrez emanez gero 12 euro ordaindu beharko dute federatuek (15 euro federatugabeek); mendi bizikleta martxaren egun berean berriz, 20 euro.
Honetaz gain, lasterketaren 5. urteurrena dela-eta, parte-hartzaile guztiei kamisetak oparituko zaizkie.