Gaztañagaren erakusketa irailaren 3ra arte ikusgai dago

Maite Txintxurreta 2017ko abu. 28a, 16:47

Pedro Gaztañaga margolari ordiziarraren ‘Senses. Adam & Eve’ erakusketa ikusgai dago Bergarako Barrenkaleko Aroztegi aretoan joan den astetik. 

Erakusketa hau Bibliako Adan eta Eva erakusten dituen hogei koadro bikotez osatuta dago. Adan eta Eva horiek, baina, kasu bakoitzean leku, garai eta ezaugarri desberdinetako elementuez inguratuta ageri dira. Hala, esaterako, Afrikar sabanan ageri den bikotea ikus daiteke, edota surf taula batekin edo gaur egungo osagarri modernoak jantzita, besteak beste.

Pedro Gaztañagak Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ia bizi osoa darama artearen bueltan lanean. Bergarako erakusketa honen kasuan, landu dituenak gorputz osoko erretratu biluziak dira, errealistak, eta artistak teknika mistoak erabili ditu horiek margotzerako orduan. Edertasuna nabarmendu gura izan du artistak bere lan honekin. Beti ere, benetako modeloekin lan egin du margolariak koadrook egiteko. Kartoi gainean margotuta daude, eta pastelak, akuarelak edota akrilikoak nahastu ditu.

Irailaren hirura arte dago Sense. Adam and Eve erakusketa bisitatzeko aukera Aroztegia aretoan. Martitzenetik egubakoitzera bitartean, arratsaldeko seietatik zortzi t’erdietara bitartean dago zabalik aretoa.

Zapatuetan, berriz, eguerdian hamabietatik ordu bietara pasa daiteke bertatik, eta iluntzean, berriz, seietatik zortzi t’erdietara.

Domekan, berriz, eguerdiz dago zabalik, hamabietatik ordu bietara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak