Aurreikuspenak beteta amaitu dira Bergarako udalekuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 28a, 09:00
Urtero arrakasta handia izaten du apar festak; umeek zein begiraleek ederto pasatu zuten seminarioko karpan. Argazkia: Jardun.

Jardun pozik dago uztailaren 3an hasi ziren eta gaur bukatuko diren udaleku irekiekin, orokorrean "oso ondo" joan dira-eta: "Ekintza guztiak burutu dira eta zailtasun guztiei irtenbidea eman diegu; eguraldia lagun izan dugu eta horrek dena errazten du beti".

Uztailaren 3an hasitako udaleku irekien abentura gaur, hilak 28, amaituko da. Herrigunekoak, Osintxukoak eta Angiozarkoak kontutan hartuta 524 ume eta 60 hezitzaile elkartu dira aurten udaleku guztietan. "Haurren kopurua gora doa urtez urte eta hori oso seinale ona da, pozgarria. Baina kopuru horiekin lan egiteak zailtasun batzuk ere ekar ditzake eta hori kudeatu beharra dago", adierazi dute Jarduneko ordezkariek.

Aurtengo udaleku irekiak, bere osotasunean, "oso ondo" joan dira: "Aurreikusitako ekintza guztiak burutu dira eta une puntualetan sortu diren zailtasun guztiei irtenbidea eman zaie behar den moduan. Eguraldia ere lagun izan dugu eta horrek dena errazten du beti".

Herrian eragile izateko asmoa

Udaleku irekien lehen helburua umeek ondo pasatzea da, euskaraz betiere. Horren bueltan, euskal kulturak eta euskarak duten garrantzia ikusarazteko, Euskal Jaia izeneko eguna ere prestatu dute aurten. Baina umeendako egun ahaztezinak izateaz gain, herriarendako ere ekimen positiboa dela uste du Jardunek: "Udaleku irekietan beti bultzatu nahi izan da herrian eragin eta herritarrekin hartu-emanak izatea. Umeek bizitasun handia ematen diete herriari, beti ematen dute alaitasuna. Uztailean zehar herriko edozein txokotan ikus daitezke udalekuetako umeak ekintza ezberdinez gozatzen, eta hori ere aberasgarria da eurendako, normalean jolasten ez duten txokoak ezagutzeko aukera ematen diete-eta". Udaleku irekiek ez dutelako zentzurik ez badira kalean gozatzen: "Kaleko presentzia nabarmena izan da. Horren adibide dira argazki rally erraldoia eta batukada.  Hala ere, ezin ditugu ahaztu egindako beste ekintza batzuk:  apar festa, San Fermin eguna,  ur jolasak…".

Argazki rallya eta batukada

Nobedadeei dagokienez, argazki rallyan Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako umeak eta hezitzaileak froga ezberdinak burutzen ibili ziren eta horretarako herritarren laguntza behar izan zuten.

Bestalde, batukadan udaleku guztietako haur guztiek parte hartu zuten: "Talde bakoitza herriko gune ezberdin batetik atera zen aurrez udalekuetan egindako instrumentuekin kaleak alaituz. Herrian zehar umeen presentzia  eta alaitasuna eskainita, denok gune berdin baten amaitu genuen aurrez prestatutako erritmoa denok batera jotzeko". Gutxiago falta da datorren urteko udaleku irekietarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak