Gura moduan ezin izan du antolatu Semicup areto futboleko txapelketarekin arduratzen den taldeak aurtengoa baimenak eskatzerakoan berandu ibili zirelako, baina laugarrena ere giro onean eta talde askorekin egin dute. "Tabernarik ezin izan dugu jarri, ezta geure musika ere, eta giroa ezberdina izan da. Baina ondo joan da guztia", zioen Josu Diaz antolatzaileak.
Lehenengoz, gainera, neska talde batek jokatu du, Amama & Co: "Ez dugu partidurik irabazi baina oso gustura ibili gara, pozik. Datorren urtean ere badugu parte hartzeko asmoa eta ea beste neska talderen bat ere animatzen den, nesken futbolak eta orokorrean kirolak aurrera egin dezan", adierazi zuen Amaia Santorkuato jokalariak.
Final borrokatua
Txapelketa "gogorra" izan dela onartu zuten hainbat jokalarik, "ondo borrokatutakoa". Finalerako sailkatu ziren iazko txapeldun Frenaenbache eta Vodka JR, eta azken minutura arte ez zen erabaki zeinek jasoko zuen txapeldunaren kopa.
Frenaenbache hasi zen irabazten eta eskarmentu handiko jokalariak direla erakutsita nagusi izan ziren partiduan. Bi golek ematen duten abantailarekin lasaitu egin ziren bukaeran, eta guztia eman zuten orduan Vodka JR taldekoek; baita berdintzea lortu ere azken minutuan gola sartuta. Penaltiek erabaki zuten txapelketa eta Frenaenbacherendako izan zen bigarren urtez jarraian.
Garaileen zerrenda
Sailkapen ofiziala
- 1- Frenaenbache
- 2- Vodka JR
- 3- Rocosos
Talde berezia
- Amama & Co
Jokalari onena
- Azka
Atezain Onena
- Euken Azpeitia
Pitxitxia
- Arieta
Talde zikinena
- Rocosos