"18:00ak aldera gertatu da. Igerilekua jendez beteta zegoen, baina ohartarazi digute hustu beharra zegoela, haizetea zela-eta; berehala, huts-hutsik geratu da", adierazi dio Goienari une horretan Agorrosingo kanpoko igerilekuan zegoen erabiltzaile batek. Barruko igerilekura eroan dituzte erabiltzaileak.
Bero handiko eguna izan da gaurkoa. Agorrosingo igerilekua bete-bete zen arratsaldean. Gaur, gainera, ur-txorroak ipini dituzte txikienentzako ondoko Ipintzako futbol zelaian. Baina, haize bortitza zela-eta hustu egin dute igerilekua, berehala. Tenperatura freskatu egin da, hamar bat gradu, denbora tarte laburrean.
Haizeak hainbat arbola bota ditu. Kalte handienak hilerri ondoko aparkalekuan eragin ditu. Autoen gainera erori da zuhaitz handi bat, autoak kaltetuz. Suhiltzaileak eta udaltzainak lanean aritu dira arbola kentzen. Ortuibar kalean ere errekara bota du haizeak arbola bat; eta Lasa jatetxearen lorategian beste bat, hau ere Deba ibairantz.