Agorrosingo belar naturaleko zelaian belar artifiziala jartzeko aurreproiektua aurkeztu du klubak

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko uzt. 18a, 11:32

Bergara Kirol Elkarteak Agorrosin berriaren aurreproiektua aurkeztu du bazkideen eta klubeko kideen aurrean. Proposamen nagusia da belar artifiziala jartzea Agorrosingo futbol zelaian, baina badaude bestelako birmoldaketak ere; harmaila berriak egingo lirateke eta horien azpian kokatuko lirateke hamalau aldagela berri; "espazio soziala" ere berriztu egingo litzateke.

Azken hilabeteetan klubaren jabetzakoa den Agorrosingo zelaiko eremurako birmoldaketa proiektu bat garatzen aritu da Bergara Kirol Elkartea, Realarekin elkarlanean, eta bazkideen eta klubeko kideen aurrean aurkeztu dituzte lehen irudiak eta planoak.

Instalazio "falta handia" dagoela ikusi dute klubetik. Gaur egun bi futbol zelai daude; Agorrosingo belar naturalekoa da bata, eta belar artifiziala daukan Ipintza futbol zelaia da bestea. Baina belar naturaleko zelaian ez da entrenatzen, mantenu lana "oso garestia" delako eta argirik ere ez daukatelako, eta hamabost egunean behin bakarrik ematen zaio erabilera partidu bat jokatzeko.

Gaur egun daukan itxura; goiko aldean Ipintza zelaia, eta behean, Agorrosingoa.

Aurreproiektuko proposamenak

Aurreproiektu bat daukate eskuartean orain eta lehenengo aldaketa nagusia hauxe izango litzateke: gaur egun dagoen belar naturaleko zelaia kendu egingo litzateke eta azken belaunaldiko belar artifizialeko zelai bat egingo lukete. Planteatzen dutena da zelai berria Agorrosin baserria dagoen tokira hurbiltzea eta zelai berriak lehen mailako zelaien dimentsioak izango lituzke. Gaur egungo zelaia inguratzen duen atletismo pista desagertu egingo litzateke eta askotariko kirolak egiteko gune bat libre geldituko litzateke zelai berriaren eskuinetara. 3.800 m2 izango lituzke eremu horrek eta padel pistak, saskibaloi kantxak edo bestelako kiroletarako eremu bat geldituko litzateke bertan.

Itxura hori hartuko luke Agorrosin berriak; ezkerretara geldituko litzateke zelai berria eta eskuinetara askotariko kirolak egiteko gune bat egokituko litzateke.

Inbertsioak handiak direnez, birmoldaketa egiteko hiru fase planteatzen dituzte; lehenengoan zelai berriarena egingo litzateke. Bigarrenean, harmailak eta aldagelak etorriko lirateke. "Harmailetarako instalazio berria eraikiko litzateke, eta azpian kokatuko genituzke hamalau aldagelak. Gaur egungoak aurrefabrikatutakoak dira, bere egunean modu probisionalean jarri ziren, baina urteak aurrera doaz eta uste dugu aldaketa egiteko unea iritsi dela", azaldu du Bergara Kirol Elkarteko presidente Iosu Elorzak.

Irudiaren goiko aldean harmailek hartuko luketen itxura ikusten da, eta behean, harmailen azpiko solairuan kokatuko liratekeen aldagelak ikus daitezke.

Eta hirugarren faserako geldituko litzateke klubeko “alde soziala” esaten dioten hori moldatzeko; klubeko bulegoak, bilera gelak, taberna, eta errekuperaziorako gimnasio txiki bat. Beheko irudian kolore berdez ikusten den gunea izango litzateke hori.

Larrosa kolorez lehenengo fasean moldatuko litzatekeen zelaiaren eremua; laranjaz, bigarren fasean egiteko egongo liratekeen harmailak; eta berdez klubeko "alde soziala".

Elkarlanean

Aurreproiektu horren helburua da futbolean jokatu nahi duten neska-mutikoei instalazio "duin" batzuk eskaintzea, horixe adierazi du Elorzak. Izan ere, gaineratu du gaur egun Futbol Eskolako entrenamenduetan Ipintzako zelaia sei zatitan banatu behar izaten dutela entrenatzeko, adibidez.

Bergarako Udalak ezagutzen du aurreproiektua eta Realak begi onez ikusi du.

Orain, Udalarekin, Diputazioarekin eta federazioarekin sakon lan egin beharko dutela gaineratu du Elorzak, proiektuari forma emateko eta ahalik eta azkarren obrak martxan ipintzeko.

Aurrekontua eta datak

Inbertsioa handia izango da, oraindik ez dute kopuru zehatzik eman nahi izan, baina aurreikuspenak miloi euro pasatxokoak dira. Labegaraietako aurrekontuekin alderatuz –3,7 milioi euro– estimazioa "baxuagoa" dela adierazi dute klubetik. Finantzaketa Udalaren, Diputazioaren eta federazioaren ekarpenekin egitea da klubaren asmoa.

Eta datei dagokienez, klubetik ahalik eta azkarren nahi dute egitea obra hori: "Gure asmoa da hemendik eta urte amaierara instituzioetako ordezkariekin bilerak egitea eta obrei forma ematen joatea. Zelaiaren obra hiruzpalau hilabetekoa da, baina gure aldetik ahalik eta azkarren nahi dugu egitea", azaldu du Elorzak.

Realarekin lan egiten duen Izaskun Larzabal arkitektura enpresak garatu du aurreproiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak