Boluko frontoiko estalkiaren eta igerilekuaren auziei soluzioak bilatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 18a, 11:14
Uztaileko osoko bilkurako une bat.

Galderen eta eskaeren tartean, Irabaziko zinegotziak atera zituen mahai gainera Boluko pilotalekuaren estalkiaren proiektua eta Agorrosingo kanpoko igerilekuaren edukiera arazoa, Bergaran pil-pilean dauden gaiak. Bi gai horiek eta Udaleko batzorde informatzaileen aldaketek eragin zuten eztabaida gehien uztaileko bilkuran.

Gai zerrendari dagokionez, Udaleko batzorde informatzaileen aldaketak eragin zuen eztabaida gehien. Gobernuaren proposamenaren aurrean EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta Irabazi abstenitu egin zen. EAJk eta PSE-EEk eraginkortasunean aurreratzea bilatzen dute aldaketarekin, baina EH Bilduk uste du ez dagoela aldaketa kualitatiborik, eta eztabaida guneak sortzea eskatu zuen. Irabazik, aldiz, batzordeak murrizten badira mesede egingo dietela dio, baina gaineratu zuten antolaketan beran baino edukian jarri behar dela fokua. 

Boluko frontoiaren estalkia...

Gai zerrendatik kanpo egon arren, Bergaran pil-pilean dauden Boluko pilotalekuko estalkiaren proiektua eta Agorrosingo kanpoko igerilekuetan izan diren edukiera arazoak mahai gainera atera zituen Irabaziko zinegotziak galderen eta eskaeren tartean.

Boluko frontoiko estalkiaren harira, Aiert Lizarraldek kritikatu zuen gobernuaren kudeaketa ez dela zuzena izan. Parte hartze prozesu erreal bat eta auzoko beharren diagnosi bat eskatu zituen, besteak beste. Elena Lete alkateak, berriz, uste du gobernuak gaia modu zuzen baten kudeatu duela. "Koherentzia, partaidetza eta bizikidetza" ardatz hartuta, galdeketa lotesle bat egingo dute irailean; galdeketako galdera lantzeko osoko bilkura berezi bat egingo da irail hasieran. EH Bilduk, bestalde, uste du partaidetza beste era batera sustatuko balitz ez litzatekeela galdeketa egin beharko. "Galdeketako galderan hartuko dugu parte guk lehen aldiz prozesuan", gaineratu zuen Agurne Barrusok.

...eta Agorrosingo igerilekuen auzia

Agorrosingo kanpoko igerilekuetan izan diren edukiera arazoen harira, errudunak bilatzen aritu baino udal talde guztiek gaiari konponbidea emateko asmoa erakutsi zuten. Igor Oiarbide kirol zinegotzia gertu agertu zen 2017ko irailetik ekainera bitartean arazoari irtenbideak emateko helburuz lantalde bat sortzeko. EH Bilduk "egituratutako parte hartze prozesu bat" eskatu zuen bergararrei bainurako alternatibak eskaini ahal izateko, eta Irabazik ere "aurrekontu parte hartzaileak" eskatu zituen arazo horri ere aurre egiteko. "Irailetik aurrera buru-belarri jarri beharko gara lanean", esan zuen Igor Oiarbidek.

Gorka Artolaren liberazioa, abuztuan

Bestalde, EH Bilduk Gorka Artola zinegotziaren liberazioa eskatu zuen, Euskadiko Udal legearen 33. artikuluan oinarrituta. Bilkura aurretik gobernuaren eta EH Bilduren artean Artolak jaso beharreko soldataren inguruan akordiorik ez zenez izan, EH Bilduk eskatu zuen hurrengo osoko bilkuran lantzea gaia eta bitartean adostasun batera heltzen saiatzea. Elena Lete alkateak konpromisoa hartu zuen abuztua amaitu aurretik egiteko osoko bilkura hori, deialdi berezian.

Altsasuko mozioa

EH Bilduk aurkeztuta, Altsasuko gertakariak terrorismotzat ez kalifikatzea eta epaiketa Iruñeko epaitegian egitea eskatzen duen mozioak aurrera egin zuen; EAJk, EH Bilduk eta Irabazik alde bozkatu zuten eta PSE-EE abstenitu egin zen. Alderdi sozialistako Mari Carmen Barrenetxeak adierazi zuenez, gertakari haiek terrorismo moduan epaitu behar dira; adierazpen horien aurrean harridura eta kezka azaldu zuen EH Bilduk, besteak beste.

Bilkurak, bideoakta bidez

Irailetik abendura eta proba modura, osoko bilkurak bideoakta sistema bidez jasoko ditu Bergarako Udalak. Goiena Komunikazio Taldeak eskainiko du zerbitzu hori. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta Irabazik kontra. EAJko Maite Agirreren arabera, eraginkortasunean hobetuko da, lan asko aurreratuko da eta teknikarien baldintzak "nabarmen" hobetuko dira.

Irabaziko Aiert Lizarraldek, ordea, osoko bilkurako mila euro inguru horrela gastatzea "larregizkoa" da eta salatu zuen zerbitzu hori komunikabide batek eskaintzeak "lotura kezkagarri" bat sortzen duela. Horren aurrean, Agirrek erantzun zion esanez zerbitzu hori eskaini dezakeen enpresa bakarra dela Goiena eta horrek ez duela zertan komunikabide batekiko lotura suposatu behar. Elena Letek ere hartu zuen hitza gai horren inguruan: "Iraileko lehen osoko bilkura baina lehen formakuntza saio bat egingo dugu zuzenean Goienarekin eta irailetik abendurako bilkuretan ikusiko dugu nola doan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak