Errastiren heriotzarekin, "erreferente bat" galdu du Bergarak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 17a, 16:52

Juan Mari Errasti.

Bergarako San Pedro eliza txiki geratu zen uztailaren 14an Juan Mari Errasti Lesarriri (Eibar, 1925–Bergara, 2017) azken agurra emateko. Alkartu Nai elkartearen hasierako urteetan, 1960ko hamarkadaren erdialdean, ezinbesteko pieza izan zen Errasti, eta aurrerago hamaika saltsatan ibili zen. "Alturaz txikia bazen ere, gizon handia zen; plazera zen haren ondoan lan egitea. Bergarak erreferente bat galdu du, haren lana eta nortasuna ez ditugu ahaztuko", dio Errastirekin harreman estua izan zuen Juanjo Arrietak.

Arrietak ondo gogoratzen du Alkartu Nai elkartearen sorrera: "Oxirondo elkartean batu ginen herriko elkarte gastronomiko gehienak. Bergaran mugimendu bat sortu zen, eta hor, hasiera-hasieratik, buru-belarri aritu zen Juan Mari, Umore Ona elkarteko ordezkari gisa. Aurretik Jose Mari Gallastegi eta Leonardo Laskurain izan ziren alma mater-ak, baina bilera horretan sortutako zuzendaritza taldearen barruan gehien mugitu zena Juan Mari izan zen. Lehen ideia Bergarara anbulantzia bat ekartzearena izan zen, behar handia zegoen-eta". Arrietak argi dauka, Errasti "erreferente handi bat" izan zen: "Bergaran, arlo eta garai horretan, erreferente ukaezina izan da. Beti laguntzeko prest, plazera zen haren ondoan lan egitea".

Txikitatik izan zuen harremana Arrietak Errastirekin: "Nire gurasoak Gorlako bazkide ziren eta orduan oporretara joateko Benidorm-era joateko aukerarik ez zegoenez, Gorlara joaten ginen oporrez gozatzera. Eta Juan Mari han egoten zen".

Hamaika saltsatan

Bizitzan zehar izan zuen kargu zerrenda luzeak erakusten du Errastik Bergaran utzitako arrastoa handia izan zela: Umore Ona Elkarteko presidente, San Martin bezperako danborradako sortzaileetako bat eta lehenengo zuzendaria. Pol-Pol Mendizale Elkarteko eta Gipuzkoako Mendizale Elkarteko presidente... Haren omenezko eskelako esker on mezua ere bada horren erakusle: Gureak tailerrak, ASPACE, Elbarrilan, Aransgi, Alargunen Egoitza, Jubilatuen Egoitza, Zaharren Egoitza, Anbulategia, Bergarako Anbulantzia, DYA...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak