Giro ederrean doaz Bergarako Santa Marina auzoko jaiak. Bariku arratsaldean eman zieten hasiera eta eguraldi onak lagunduta kalean elkartu dira askotariko auzotarrak. Suziriak, buruhandiak, askotariko txapelketak, pintxo-pote girotuak, dantzaldiak, dastaketak... denetarik izan dute.
Atzo gauean eta gaur eguerdian Kataluniako Sidral Brass Band taldeak ipini du musika. Egia esan, musika eta zerbait gehiago; izan ere, erritmo eta umore handiarekin jotzen du gazte talde horrek.
Pintxo banaketa ere egin dute Santa Marinan, gaur. Auzoko harakinek eta merkatariek jaietarako emandako produktuekin egin dute barbakoa Jai Batzordekoek, eta amaitu bitartean banatu dituzte pintxoak bertaratutakoen artean.
Gin-Tonic lehiaketan Arantzabal nagusi
Bigarren urtez Gin-Tonic lehiaketa egin dute Santa Marinako jaietan. Bederatzi tabernarik hartu dute parte eta sari nagusia, aurten ere, Maxim's tabernako Kristian Arantzabalendako izan da. Bigarren egin dute Pol Pol tabernako tabernariek eta hirugarren Aralar tabernakoek.