Ekitaldi xumea izan da eta hunkigarria, batez ere Maria Angeles alargunarendako. Omenaldiari irekiera emateko Julian Tenaren irudiekin osatutako bideo baten emanaldia egin dute. Jarraian, aurreskua dantzatu diote alargunari eta hainbat lagunen besarkadekin batera lore sorta jaso du. Krabelinak ere utzi dituzte Tenaren irudiaren aurrean.
Sorturen izenean opari bat ere eman dio alargunari Jose Ramon Kortabarria Moztu-k. Koadro bat, hain zuzen ere, non Tenaren irudia eta euskal preso eta iheslariak irakur zitekeen etxeratzea eskatzen duen ikurrarekin batera. Hunkituta jaso ditu guztiak emakumeak.
Maite Aristegik hartu du hitza jarraian. Hainbat bertso bota ditu eta Tenaren bizi ibilbidea izan du gogoan. Aristik bertsotan aurreratutakoa sakonago adierazi du Ibai Redondok bere hitzaldian. Sortuko kontseilu nazionaleko kide eta Gipuzkoako koordinatzailea den Haimar Altuna ere ekitaldian izan da. Bere agerraldian Julian Tenarekin batera errefuxiatu, iheslari eta espetxeratu guztiak izan ditu gogoan. Guztien etxeratzea eskatu du.
30 urtetik gora kanpoan
Ekainean hil zen Julian Tena. 30 urtetik gora egin zituen Euskal Herritik kanpora, gehienak Panaman. Euskal Herrira itzuli eta urtebetera hil zen bihotzekoak jota.