Musika beltza ardatz duen Berumuga ekimenaren barruan, kontzertua eskainiko du The Allnighters taldeak gaur Espoloian (20:00). Everything is changing disko berriarekin etorriko dira, honako formazio honekin: Iñaki Igu Garcia –ahotsa eta armonika–, Iñigo Ortiz de Zarate –gitarra eta organoa–, Ernesto Garcia –gitarra–, Zigor Akixo, –bateria– eta Ruper Diez –baxua–. Haizezko instrumentuetan bi musikari berezi arituko dira: RS Faktor taldeko liderra den Ruben Salvador –tronpeta eta fiskornioa– eta Arrasateko Big Bandako zuzendari Zigor Martinez bergararra –saxoa–.
1998an desegin ostean, bueltan 2013an
The Allnighters taldearen sorrera Gasteizen kokatu behar da, 1988ko uda beroan. Hutsetik abiatu eta gogotik lan eginda, penintsulako erreferentziazko talde bihurtu zen 1990ko hamarkadan musika beltzari dagokionez. Estatuan eta Europako hainbat herrialdetan 300dik gora emanaldi eskaini eta hiru LP zein hainbat single eta bilduma plazaratu zituzten. Taldea 1998an desegin zen, baina 2013ko martxoan agertokietara bueltatu ziren plazer hutsez, "inolako presiorik gabe". Eta halaxe igoko dira gaur ere Espoloiko agertokira. Musika beltzaren barruan, rhythm and blues hondar generoaren erreferentzia garrantzitsu bat da The Allnighters; hamarkada oso batez haize zabalean eragin zion genero horren banderari, soul, blues, psikodelia eta beste musika molde batzuekin aberastuta.
Antzerkia, folklorea eta zinema
Berumuga ekimenaz harago eta kultura kalera ateratzeko helburuarekin, Udaleko Kultura Zerbitzuak askotariko ekintzak antolatu ditu uztailean zehar. Guztiak kalean, eta doan. Datorren astean, esaterako, Trapu Zaharrak taldearen Etsita! antzezlana ikusi ahalko da hilaren 19an eta egun bat beranduago, Indiako Rangsagar taldearen folklore jaialdia egongo da. Bi ekitaldiak San Martin plazan izango dira –euria eginez gero seminarioko karpan–, 19:00etan. Aire libreko zinemari dagokionez, hurrengo bi emanaldiak uztailaren 26an izango dira: umeendako 7 ipotxak 19:00etan eta helduendako The Great Wall 22:00etan.