Atzoko bileran, gobernuak jakinarazi duenez, Elena Lete alkateak eta Lander Arregi zinegotziak Boluko pilotalekua estaltzeko proiektuaren gaineko zergatia, ibilbidea eta azalpenak eman zituzten, horien artean auzotarren ekarpenak jasota egin izan dituzten egokitzapenak eta moldaketak. Eta Udaleko teknikariek eta proiektuaren alternatiba ezberdinak idatzi dituzten enpresako ordezkariek ere argibideak eman zituzten batzarrean.
Udal ordezkariek, aurreko batzarrean iragarri bezala, auzotar batzuek plazaratutako kezkei erantzuna zieten: "Pilotalekuaren itxituraren bitartez kanporatu ahal den soinua erabat gutxituko litzateke, pilotalekuak ordutegi eta erabilera araudi jakina izango luke eta gauez itxi egingo litzateke, eta argiztapena bermatuta izango luke, besteak beste".
70 bat lagun elkartu ziren Irizar jauregiko bileran. Argazkia: Bergarako Udala.
"Askotariko iritziak"
Bileran izan zirenen artean, gobernuak azaldu duenez, askotarikoak izan ziren iritziak: frontoia estaltzearen kontrakoak, udalerrian pilotan jokatzeko frontoi estali gehiago eskatzen dituztenak zein auzoan erabilera desberdinetarako gune estali bat izatea nahi dutenak. Horren aurrean, Elena Lete alkateak esan zuen aurrerapausoak eman behar direla eta parte-hartze prozesuan iritzi trukaketak eta aldeko zein kontrako adierazpenak jaso ostean, auzo guztiak hitz egin eta erabakitzeko ordua dela. Horregatik, Boluko auzotarrek erabakiko dute pilotalekua estali ala ez galdeketa lotesle baten bitartez.