BKEko eskubaloi saila hasita dago 2017-2018 denboraldira begira lanean. Nobedadeen artean, Josetxo Muniategik aurreratu duenez, bigarren territorial mailan taldea aterako dute: "Ideia horrekin gabiltza. Gazte mailatik jokalari batzuk ditugu senior mailarako jauzia egin behar dutenak eta salto hori arintzeko aukera ona da bigarren talde bat sortzea". Azken hiru urtetan BKEk ez du talderik izan bigarren territorialean.
Hurrengo urtean, "poliki-poliki"
Edu Orgazek jarraituko du lehen taldea zuzentzen, eta Muniategiri 2017-2018 denboraldiko helburua zein izango den galdetuta, "poliki-poliki" joan behar dela erantzun du: "Ea urte erregularra egiten dugun, gorabehera handirik barik. Arazoak izaten dugu urtean zehar jarraikortasun bat izateko. Eta hori igartzen da emaitzetan".
Hurrengo denboraldian zazpi talde izango ditu BKEko eskubaloi sailak. Gizonezkoetan, infantil, kadete, gazte eta senior mailan. Emakumezkoetan bi talde egongo dira, infantil eta kadete mailetan.
Labegaraietaren berritzea
Bestalde, Diputazioak 589.720 euroko laguntza emango dio Udalari Labegaraietako kiroldegia berritzeko: "Guretako albiste onena litzateke beste kiroldegi bat egitea. Oso zahartuta dago eta mantenu lanez harago beharrezkoa du zerbait egitea. Ea laguntza horrekin hobekuntza igartzen den, eta halako lanak faseka egin ohi direnez, obra horiek ez duten gure jarduna larregi kaltetzen".