Sabino Azkarate: "Herritarrak gonbidatu gura ditut 'Gurean' aplikazioa deskargatzera"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 14a, 08:00

Azkarate Gurean aplikazioa erakusten.

Bergarako merkatariek bergararrekin eta bisitariekin komunikatzea eta haien intereseko informazioa bidaltzea da Gurean aplikazioaren helburu nagusia. Aplikazio horren inguruko azalpenak eman ditu Udaleko ekonomia sustapenerako zinegotzi Sabino Azkaratek.

Zertarako aplikazioa deskargatu?
Hiru abantaila aipatuko nituzke: klik batekin agendaren zein intereseko jardueren gaineko informazio eguneratua eskaintzen du, Bergarako merkatarien nobedadeak eta eskaintzak zuzenean jasotzen dira eta herritarrek eurek beste batzuei hemengo ondare oparoa ezagutarazten lagun dezake. Tokikom-ek Udalari aplikazioa garatzea proposatu zionean, bertako merkataritzaren alde egitea gura zen, baina hasieratik interesgarri iruditu zitzaigun turismorako erabiltzea; era bateratuan garatu genuen.

Beacon teknologian du oinarria aplikazioak. Zertan datza?

Beacon-ak baliza txiki batzuk dira. Gaur egun, 50 beacon ditugu herrian zehar estrategikoki banatuta. Baliza horiek gertu dituzten mugikorrei seinaleak bidaltzen dizkiete, betiere mugikorrek Gurean aplikazioa deskargatuta badute. Adibidez, San Martin plazako edozein puntutan, Errege Mintegiari buruzko informazioa ematen duen jakinarazpena jasoko da. Aplikazioan hiru ibilbide daude zehaztuta, eta erabiltzailea hiru horietatik edozein egiten ari denean jakinarazpenak jasotzen joango da, gertuko denden ingurukoak edo intereseko tokien ingurukoak.

Herritarrek ekarpenak egin ditzakete?

Aplikazioak suspertu eta erraztu egiten du erabiltzaileek euren esperientziak sare sozialetan partekatu ahal izatea, guztiek abantailak aprobetxa ditzaten.  
Gainera, edozein iradokizun edo ekarpen ere egin daiteke, eta ez bakarrik Gurean aplikazioari buruz, baita Udalaren intereseko beste edozein gairi buruz ere.

Nola doaz deskargak orain arte?

Proiektu pilotua martxan jarri berri dugu eta goizegi da zenbakiak emateko. Horregatik, herritarrak gonbidatu gura ditut aplikazioa deskargatzera. QR kodeen bidez, webgunean edo App Store-an edo Google Play-n zuzenean Gurean tekleatuta deskarga daiteke; app-a erabiltzeko bluetooth-a eta GPSa aktibatuta izan behar dira. Espero dugu erabilgarria izango dela bergararrentzat zein bisitarientzat.

Ezer gaineratu nahiko zenuke?

Proiektua lankidetzan garatu da Tokikom-en, Bedelkarren, Udalaren eta Diputazioaren artean; Diputazioari eskerrak eman nahi dizkiot emandako laguntzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak