Jeltzaleen arabera, 2004ko apirilean, Vitoriano Gallastegi alkate zela, igerilekuen proiektuaren lehen fasearen proiektu teknikoa onartu zen eta ondorengo bi urteetan, hurrengo faseak garatzen joan ziren, 2006an, igerilekuen eraikina zabaldu zen arte.
Jakitera eman dutenez, 2006ko inaugurazioaren ostean, gobernu taldeak Bergara Kirol Elkartearekin mantentzen ari ziren negoziaketek eskaintzen zuten aukera berriak ikusirik, Agorrosingo kirol esparruaren inguruko azterketa integral bat egiteko tartea hartzea erabaki zuen, futbol zelaia barne, azken hori udalaren esku geratzeko aukera baitzegoen.
EAJren esanetan, "aukera berriak bilatzeko azterketa horretan, 2007ko hauteskundeak etorri ziren eta EAE-ANV, Agurne Barruso buru zuela, alkatetzara iritsi zen". Jeltzaleek diotenez, hurrengo urtean, 2008an, Agurne Barrusok kanpoko igerilekuaren proiektua aurkeztu zuen Hirigintza Batzordean eta urte horretan bertan, igerilekuen eraikuntza esleitu zen.
EAJko kideek azpimarratu dutenez, datu horiek herritarren eskura daude udaletxeko aktetan, eta adierazi dute "argi eta garbi" uzten dutela, "Agurne Barrusok, bere burua zuritze aldera, behartua zegoela dionean, gezurretan ari dela". Eta erantsi dute: "Kanpoko igerilekua egitea bere erabakia eta bere gobernuarena izan zen. Ez da zilegi, momentu hartan hartutako erabakiaren erantzukizunetik ihes egin nahi izatea eta horretarako besteak erantzule egitea. Gobernuek eta alkateek, agintean egonda hartutako erabakien erantzukizuna bere gain hartu behar dute eta ez besteei errua bota beren burua zuritu nahian".
Prentsaurrekoan gaineratu dutenez, "EAJk oso argi du gai hau eta herritar ororen zalantzak argitzeko prest" agertu da. Eta erantsi dute: "Orain garrantzitsuena bakoitzak bere ekintzen erantzukizuna bere gain hartu eta kanpoko igerilekuei irtenbidea bilatzea da". EAJren esanetan, herritarrek euren arazoei irtenbideak emateko jartzen dutelako konfiantza udal ordezkariengan eta ez bata besteari errua botatzen aritzeko.
Bukatzeko, jeltzaleek esan dute, ireki zen San Juan egunean bertan geratu zela argi igerilekua txiki gelditu zela. Gogora ekarri dute, "geroztik legegintzaldi hura eta hurrengoa" izan dituztela "gaiaren inguruan hausnartu eta irtenbideak bilatzeko", baina orain arte ez diotela gaiari heldu. Eta honela amaitu dute agerraldia: "Argi dago gai honetan Agurne Barruso alkate ohia ez dagoela lasai. Esan ohi den bezala, excusatio non petita accusatio manifesta".