Omenaldia hasiko da Loiola Batailoiak gerrako frontean pasatutakoak erakusten dituen 13 minutuko bideo-laburpen batekin. Dantzaririk eta kanturik ez da faltako; antolatzaileek aurreratu dute ekitaldi "hunkigarria" izango dela.
"Merezitako aitortza"
"1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzian demokrazia eta askatasuna defendatu zuten 200 gudari eta miliziano bergararrei merezitako aitortza egin nahi diegu", adierazi du, besteak beste, Elena Lete alkateak. Boluntario haien artetik, gehienak Loiola eta UHP batailoietan aritu ziren, baina baita Kirikiño, Dragones, San Andres, Amaiur, Saseta, Itxarkundia, Amuategi eta Ertzainetan ere.
Faxismoaren gerizpe "luzea"
Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Mongek, aldi berean, gerraosteak utzi zituen "ondorio latzak" ere gogoratu ditu: "Ia 300 pertsona atxilotuak, heriotza edo 30 urteko espetxe zigorra ezarri zieten 24 pertsonei, hainbat emakume alargun geratu ziren, erbesteratuak...".
Eta gaineratu du, 81 urte pasatu direnean, faxismoaren gerizpeak "oso luzea" izaten jarraitzen duela: "Orduko zauriak osatzeko lehenengo pausoa egia jakitea da, eta horrekin batera justizia egiten hastea, erreparazioa eta errepikatu ez dela bermatzeko. Frankismoaren inpunitatearekin bukatu egin behar dugu, denon artean lortuko dugu".
Bergarar kapitaina
Loiola Batailoia Euzko Gudarosteko lehen batailoia izan zen. Gernikan osatu zuten gerrak eztanda egin ostean borrokara joandako EAJko gazte gipuzkoarrek. Bilbo erori zenean Eusko Jaurlaritzari leial jarraitu zion gudarosteetako bat izan zen, gerora, Santoñako errendizioan parte hartu zuena. Lino Lazkano bergararra zen Loiola Batailoiko kapitaina.