Atleta bergararrek erreferente garbia izan zuten 70eko eta 80ko hamarkadetan. Enrique San Nicolas atleta ona izan zen, Espainiako txapelketa irabazi zuen salto hirukoitzean, baina atletismoarekin izandako hartu-emana ez zen arlo pertsonalean egindako kirol lorpenetara mugatu, herrian horrenbeste maite zuen kirol jarduera zabaltzen ahalegindu zen, eta eskura zituen baliabideak oso mugatuak baziren ere, Gipuzkoa mailan Bergara Kirol Elkartea nabarmentzeko lan egin zuen.
Enrique San Nicolas, orduko BKEko presidente Juanjo San Migelen eskutik oroigarria jasotzen (2002).
Urrezko urteak Bergarako atletismoan
Hain zuzen, haiek izan ziren Bergarako atletismoaren urrezko urteak, ordukoak dira-eta mahoneroen kirol lorpen handienak. Sasoi hartan irabazi zuen Agustin Loidik disko jaurtiketan Espainiako Txapelketa, eta beste horrenbeste egin zuen Jose Luis Garmendiak pisu eta disko jaurtiketan. Jose Acedok 100 metro hesien lasterketan urrezko domina jantzi zuen Espainiako Txapelketan eta Valentin Gantxegik 1.500 metrotan.
Eta eurekin batera, San Nicolasen eskolakoak izan ziren Ismael Arrieta, Rafael Ogueta, Maiztegi, Jose Maria Rubio, Javier Acedo, Iñaki Badiola eta beste hainbat eta hainbat atleta bergarar. Eta, gizonezkoekin batera gauza bera esan daiteke emakumezkoen gainean ere, Pili Arin buru beste zenbait atleta entrenatu zituelako Enrique San Nicolasek.
Eurekin guztiekin zabaldu zituen atletismoaren gainean zekizkien guztiak, eta Seat 600a gidatzen batera eta bestera eraman zituen atleta horiek, txapelketetan parte hartu zezaten. Goian bego.