Bergarako Udal artxiboan bertan konturatu ziren hainbat dokumentu falta zirela. Halaxe azaldu du bertako arduradun Arantzazu Oregik: “Ikerlari batek kopiak eskatu zituenean eta kopiak egitera joan ginenean konturatu ginen dokumentu batzuk falta zirela. Nire lankide Pili Azkaratek begiratu zuen eta gure zerrendatik dokumentu batzuk falta zirenean hasi ginen hausnarketa egiten”.
Ertzaintzan horren berri ematea erabaki zuten, salaketa bat jarrita. “Egindako egiaztapen guztiak egin ondoren, orduko alkate Jesus Elortzarekin hitz egin nuen eta dokumentu horiek falta zirela esanaz, salaketa bat jartzea komenigarria zela iruditu zitzaigun. Horregatik joan ginen Elortza eta biok Ertzaintzara salaketa jartzera”, esan du Oregik.
2011n jarri zuten abian ikerketa, Bergarako Udalak salaketa aurkeztu ondoren, filatelia zale bat atxilotu zutenean Euskadiko hainbat artxibotatik dokumentu historikoak ateratzea leporatuta.
2011tik 2015era bitartean egin zuten ikerketa hori Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentraleko Ondarearen Taldeko agente espezialistek eta Euskadiko eta Espainiako hainbat artxibotatik, 2007az geroztik, legez kontra ateratako dokumentu historiko ugariren arrastoa jarraitu zuten. Kultura-ondasun historikoen lapurretaren aurka Ertzaintzak egindako operaziorik handiena izan zen.
Gutunak operazioa izeneko ikerketa horri esker, 1604 eta 1895 urte arteko Felipe III. eta Felipe IV. erregeen hainbat gutun berreskuratu dituzte, ondare balio handikoak. “Kasu honetan, gutun horiek prefilateliakoak ziren, zigilua martxan jarri baino lehen erabiltzen ziren gutunak leku batetik bestera bidaltzeko. Kasu honetan pertsona honek prefilatelia ikertzen zuen”, esan du Oregik.
Bergarako Udal artxiboaren arabera, bertan 238 dokumentu lapurtu zituen filatelia zaleak, eta horietatik 36 berreskuratu ditu Ertzaintzak. Kultura eta Ondare zinegotzi Maite Agirrek adierazi du prozesu gogorra eta luzea izan dela: “Prozesu hau gogorra eta luzea izan da. Bergaran hasi zen eta hasiera horrekin lortu duguna izan da berreskuratzea Bergarako ondarearen zati bat eta espero dugu hurrengo urteetan falta direnak lortzea”.
Agirrek gogora ekarri du Bergararen historiarendako ondare hori zaintzea oso garrantzitsua dela.