Kanpoko igerilekuari soluzioak aurkitzeko herritarren parte hartzea bultza dezala eskatu dio EH Bilduk Gobernuari

Ane Vitoria 2017ko uzt. 10a, 21:04

Azken asteotan Agorrosingo kanpoko igerilekuek sortutako "arazo" eta "haserreak" direla eta, horien inguruko ikuspuntua eman du Bergarako EH Bilduk.

2002an aurkeztutako proiektuak "inbertsio izugarria" suposatzeaz gain kanpoko igerilekuak apurtu eta horiek okupatzen zuten lur eremu handi batean kiroldegiaren eraikina egitea zekarrela azpimarratu du EH Bilduk. Baita, 2004 eta 2006 urteen bitartean, kiroldegia egitearekin batera, kanpoko igerilekuak "hipotekatu" zirela ere.

2006ko udan eta "kritika handien" artean, kiroldegi berria inauguratu zuen Victoriano Gallastegiren gobernuak. Azken fasea, aldiz, kanpoko igerileku berriak egitea, "definitua", baina eraiki gabe utzi zuen EAJ-EA koalizioak osatutako Udal gobernuak 2007an; bi urte geroago, 2009an, EAEk eta Aralarrek osatutako gobernuak, Agurne Barruso alkate zela, 6 urtean kanpoko igerilekurik gabe egon eta gero, Agorrosingo kirol eremuaren azken fasea eraiki zuen; 2002tik zegoen proiektua exekutatu zen.

Eginiko inbertsioa

Agorrosingo kiroldegi osoaren kostua 10,8 milioi eurokoa izan zen; eta horietatik, 2 milioi euro kanpoko igerilekura bideratu ziren. Gaur egun, Bergarako Udalaren zorra 5,7 milioi eurokoa da, EH Bilduren esanetan; 2007an EAJ-EAren gobernuak utzi zuen zorra 13 milioi eurokoa zela esan du EH Bilduk.

"Alternatibak sortu"

Gaur egun, uda sasoian, kanpoko igerilekuaren erabilera dela-eta, erabiltzaileen artean sortu diren haserreak direla medio, EH Bilduk uste du soluzioa ez dela etorriko azpiegitura erraldoi bat eginez; ez behintzat, "epe motz-ertainera". Guztia kontuan izanda, eta, kanpoko igerilekuak herritarren nahiak asetzen ez dituela ikusita, Bergarako Udalak erantzun bat eman behar duela uste du oposizioko talde nagusiak; "alternatibak sortu" behar dituela, hain zuzen ere. Baina, horretarako, prozesu parte hartzaile bat deitzea dela egokiena uste du EH Bilduk.

Igerilekuaren gaineko proposamenak

EH Bildutik, prozesu horretarako lehen ideia batzuk bota ditu. Batetik, Bergaran dauden "baliabide eta putzu naturalak aztertzea"; hauetara iristeko bideak hobetuz eta inguruak bainurako egokituz. Bestetik, herriguneko parkeren batean txikientzat udarako bereziki prestatutako jolas gune hezeak edo antzekoak sortzea.

Arazo honi erantzuteko baliabideak Udalaren eginbeharra dela uste du EH Bilduk; baina, "esperientziak erakusten du behar horiek identifikatzen ez dela beti asmatzen Udalaren erabakiguneetatik", EH Bilduren ustez. Hortaz, "beharrak identifikatu eta alternatibak eraikitzea herritarrei" dagokiela uste du EH Bilduk: "aukera ederra daukagu oraingoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak