Zerua lainotuta egon bada ere, euriak errespetatu ditu igerilekura Agorrosin Gauaz disfrutatzera joan diren ume eta gaztetxoak. Iazko arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute, eta oraingoan, gainera, puzgarriak, ur jolasak eta Oihan Vega DJaren emanaldia izan dira. Aspertzeko aukerarik ez da izan, beraz.
Barruko zein kanpoko igerilekuak zabaldu dituzte gau berezi honetarako Agorrosinen. Hala, barrukoetan txirrista puzgarrian irrist eginez edota plastikozko burbuilen barruan jolasteko aukera izan dute neska mutikoek.
Kanpoan, berriz, igerilekuan bainatzeko aukeraz gain, belarretan puzgarriak ere jarri dituzte, eta Oihan Vega DJ bergararrak jarritako musikaren erritmoan dantzatu eta jolastu dute gazteek.
Iaz bezala, lagun taldearekin etorri diren gazte askok etxetik ogitartekoa ekarri edota pizza eskatu eta bertan afaltzeko aprobetxatu dute.
Iñaki Ugarteburu kirol teknikariak aurreratu du hilaren 15erako nagusitxoago direnei zuzendutako beste Agorrosin Gau bat prestatzeko asmotan dabiltzala.