Martxan da Bergarako 2018ko udal egutegirako argazki lehiaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 4a, 11:16

2015ko egutegiko argazkietako bat; Ibargaraiko palmera. Argazkia: Bergarako Udala.

Euskara Batzordeak herritarrak gonbidatu ditu lehiaketan parte har dezaten. Nobedade nagusia da, 2018an udalerriaren sorreraren 750. urteurrena izanik, argazki zaharrak eta berriak parean jarrita edota irudi zahar eta berri banarekin muntaia eginaz, denboraren joana irudikatu gura dela. Parte hartzaileek argazki bikotea bidali beharko dute, irailaren 25a baino lehen.

Euskara Batzordeak gogoratu duenez, argazkietan Bergaran adierazgarriak diren tokiak eraikinak, pertsonak, lanbideak, ekitaldiak, ospakizunak… agertuko lirateke. Iragana eta oraina batzerakoan esanahi zabalez hartzen da ideia: izan liteke, adibidez, umeen garai bateko jolasa (txorro-morroka) eta gaur egungoa (ume-taldea, mugikorrekin)… Edonola ere, lotura bat izan behar dute bi argazkiek.

Parte hartzaileek argazki bikotea edo muntaia bidali beharko dute. Argazki zaharra izan daiteke artxibo publikoetan (Bergara udal artxiboa, guregipuzkoa.eus…) eskuratutakoa ere, baldin eta halako erabileretarako baimena eskuratzen bada.

Lehiaketarako oinarriak:

  • Bergaran jaioa den edo bertan bizi den edozein herritarrek aurkeztu ahal izango ditu argazkiak.
  • Argazkiaren formatua eta aurkezteko modua: tamaina, 20 x 30 cm; 300 ppp (puntuak hazbeteko); jpg formatuko artxibo digitala. Artxiboak CD edo USB batean aurkeztuko dira Udaleko Euskara Zerbitzuan.
  • Eskubideak: egutegian erabiltzeko aukeratutako argazkiak ordaindu egingo dira: argazki bikotea 100 euro, baldin eta Udala lehendik ez bada aukeratutako argazki zaharraren jabe, Udal artxibotik hartu delako. Aukeratutako argazki berriak Udal Artxibategian jasota geldituko dira eta Udalak hauek erabiltzeko aukera izango du, beti ere egilearen berri emanez.
  • Argazkilariaren kontu izango da aurkezten dituen argazkiekin lotutako edozein baimen lortu behar izanez gero, horiek eskuratzea eta Udalak ulertuko du argazkiak aurkezten dituenak lortuak dituela baimenok.
  • Euskara batzordeak izendatutako lantalde batek aukeratuko ditu argazkiak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak